argia.eus
INPRIMATU
Negu “beroa”
Juan Mari Arregi 2008ko urtarrilaren 13a
Gabonak igaro dira. Errealitatea dator orain. Inflazioak igotzen jarraituko du. Premiazko produktu edo zerbitzuen prezioek gora egin dute jada: ogia, esnea, ura, argindarra, gasa, butanoa, telefonoa, garraioa, eta abar. Kasu gehienetan, gainera, aurreikusitako inflazioaren gainetik igo dira. Testuinguru horretan egin beharko da sektore sozioekonomikoen arteko negoziazio kolektiboa. Enpresek inoiz baino gehiago irabazi dute eta aurten Burtsan kotizatzen duten apurrek 3.000 milioi euro baino gehiagoko dibidenduak banatuko dituzte euren akziodunen artean. Gainerako enpresek kotizatutakoen proportzioan irabaziko zuten. Milioietako irabaziak pilatzen joan diren enpresa horiek, iragarritako dezelerazio ekonomikoa argudiatuko dute aldarrikapen sozial, sindikal eta langile klasekoak geldiarazteko. Eta irabaziak pilatzen jarraituko dute.

Euskal Herrian, gainera, beste bi egoera ditugu: Lakua eta Osakidetzako langileen arteko iskanbila eta lan-ezbeharrak. Lehenengoari dagokionez, negoziaketak hautsita daude, hala erabaki baitu Lakuak. Lanean jazotako istripuek berriz, zendutako 117 langile utzi zituzten aurreko urtean, azpikontratazioa eta prekarietatea bide. Horrek langile klasea mobilizatzeko modu berria ekarriko du. Beraz, gatazka soziolaboralak markatutako errealitatea datorkigu. Negu hau aurrekoak baino “bero” edo gatazkatsuagoa izango da. Administrazio eta enpresaburuek dekretazo edo inposaketaren politika utzi beharko lukete eta elkarrizketa erabili egoera gatazkatsuak saihestu edo murrizteko.