Gara egunkariaren azala
Duela 30 urte egin ziren Espainiako lehenbiziko hauteskunde orokorrak eta denbora honetan guztian ez da izan halako koaliziorik eratzeko aukerarik. Erabaki eskubidearen inguruan egindako indar bilketa litzateke eta, batez ere, Ibarretxe lehendakariaren galdeketa proposamena babestea eta sendotzea litzateke bere helburu nagusia.
Denak adierazten du zailtasun handiak dituela saioak eta gaitza izango dela ekimena aurrera ateratzea. EAJko sektore esanguratsuek Josu Erkorekaren ahotik adierazi dute koalizioaren aurkako jarrera eta Ezker Batuak ez du publiko egin berea. EA eta Aralar dira apustuaren alde argi agertu direnak.
2004ko martxoko hauteskundeetan EAJk 421.000 boto lortu zituen EAEn, EBk 102.000, EAk 81.000 eta Aralar-Zutikek 38.000. Denen artean 642.000 boto eta 8 diputatu eskuratu zituzten, horietako 7 EAJk eta 1 EAk. Bergarako ekimenaren proposamena egin zuen orduan ezker abertzaleak eta boto baliogabeetatik 93.000 inguru izan zen hautu honi egotzitako boto kopurua.
PSE-EEk 339.000 eta PPk 235.000 boto lortu zituzten, bien artean 574.000 boto eta 11 diputatu (D’Hondt Legearen ondorioak).
Teorian argi dago erabaki eskubidearen aldeko indarren nagusitasuna, baina koalizioa beti da aho biko labana: dauden kontraesanengatik, ez da erdiesten guztien artean bildu ohi den uzta edo arrakasta haien botoetatik oso gora doa.
Martxoaren 9ko hauteskundeetan ez dago argi zer gertatuko litzatekeen, baina dialektika nagusia PSOE-PP izanik, alderdi hauek emaitza hobeak izan ohi dituzte bozketa hauetan.
Argi dagoena da lehenbizikoz erabaki eskubidearen aldekoen boto multzoa inoiz batu izan den multzo handienean kontatu ahal izango litzatekeela. Eta hori guztia, seguruenik EAE-ANVk hauteskundeetara aurkezteko izango duen debekuarekin batera gertatuko litzateke.
Itxura guztien arabera, ordea, ez dirudi apustua aurrera aterako denik. Badirudi, gauzatzekotan ere, EAJk nahiago lukeela halako aukera bat aurtengorako aurreikusten diren EAEko hauteskunde autonomiko aurreratuetarako uztea.
Nafarroa Bai eta Euskal Herria Bai ekimenaren ondoren dator hau eta, abertzaletasunaren egoera EAEn oso bestelakoa bada ere, aipatutako bi ekimenak ondo hartu izan dira, Nafarroaren kasuan, hautesleek sendo sostengatuta gainera.
eta-ren ELKARRIZKETAK argi erakutsi du erakunde armatuak negoziazio saioaren porrotaren ondorenerako egin duen borrokarako deia. Ohiko parametro ideologikoetan tinko finkatua, azken 40 urteetako ibilbidearen jarraipen zorrotza iragartzen dute elkarrizketatuek.
ETAri desagerpena eskatu dioten erantzunetan ere ez da berrikuntzarik izan. Eta ohikoan, gatazka giro bortitza ari da nagusitzen. Horren azken adierazleetakoa da Arrasaten Guardia Zibilak atxilotutako Igor Portu gaztearen egoera. Lerro hauek idazterakoan Donostia Ospitalean zegoela jakin zen, saihets bat edo bi apurtuta eta, antza, saihetsak birika bat zulatuta.
Gorka Lupiañez gazteak Guardia Zibilen eskuetan igarotako denboran jasandako tortura salaketa latzak irakurrita, susmorik txarrenak hipotesien aurreneko lekuan jartzen dira Igor Porturen kasuan. Itxaron beharko da datu gehiago izatera, baina torturatuen kasuetan gutxitan izaten da datu gehiago. Ehunka torturaturen esperientziak, aldiz, ETAko kide izatearen akusaziopean atxilotutako gazte honek ere tortura basatiak jaso izanaren susmoa erabat zabalik uzten du.
Tortura ezin geratu izana zuzenbide estatuaren usteltze mailaren adierazle da; eta euskal gizartearen ezintasunaren erakusle ere bai.