Indar politikoak: alderdiak ala fakzioak

  • Euskal jende gehiena nazka-nazka eginda dago politikaz. Hori horrela da, Euskal Herriko politikak duela gutxi arte zirrara ikaragarria sortzen bazuen ere. Zer dela eta?
Iñaki Martinez de Luna
Iñaki Martinez de Luna EHUko soziologia irakaslea Alberto Elosegi
Argi dago, ezin dugula analisi honetatik kanpo utzi mendebaldeko demokrazia guztietan aspaldian diagnostikatu zen deskontentu politikoa. Hala ere, politikarekiko gogaitasun horrek sustraiak unibertsalak ez ezik, euskal labeleko motiboak ere tartean ditu. Hortaz, egoera hori azaltzeko, Euskal Herria euren giza komunitate edo erkidegotzat jotzen duten hiritarrak ditugu gure hipotesiaren oinarri.

Izan ere, Euskal Herria zinezko komunitatetzat hartzen duen edonorentzat herri horren biziraupena, nazioarteko onarpena eta burujabetasuna dira politikagintzaren oinarri-oinarrizko abiapuntuak. Ideia horietara bildu beharko lukete euskal erkidegoaren alde lan egin nahi duten alderdi politiko guztiek, xede horiek beste edozein interes partidistaren aurretik lehenetsiz.

Gure politikagintzan, ordea, oso bestelako jokoa antzematen da: funtsezko abiapuntu horiek bazter utzita, eguneroko ogia dugu euskal alderdi politikoen arteko tirabirak, deskalifikazioak, irainak eta erasoak. Lehenesten dutena ez dira euskal komunitatearen xedeak, nork bere interes estrategikoa baizik.

Puntu honetara iritsita, gogora ekarri behar ditugu Burke-n oinarrizko ideia batzuk –buruz aipatuta bada ere–, alderdi politiko parlamentarioen sorreran, erakunde berri horien inguruan teorizatu zituenak: a) alderdi politikoek ordezkatzen duten komunitate edo erkidegoaren funtsezko interesen inguruan bat egin behar dute, euren interesa bigarren mailan utzita; b) horrela gertatu ezean, ezingo genuke alderdi politikoez hitz egin fakzioez baizik; c) ezinezkoa izango zen herrialde batek aurrera egitea bere parlamentuko indar politikoak fakzio izaera baino ez bazuten hartzen, azken horien joko arduragabe eta zatitzaileak erkidegoa hondamendira eramango baitzuen.

Hona iritsita, geure buruari egin behar diogun galdera hauxe da: zer dugu Euskal Herrian, alderdi politikoak ala fakzioak? Izan ere, praxi politikoari erreparatuta, ez dirudi euskal indar parlamentarioek euren arteko ika-mika eta interesen aurretik, komunitatearen interesak kokatzen dituztenik.

Esandakoa gutxi balitz ere, euskal indar (alderdi/fakzio?) politikoen arteko gatazkek zatiketa eragiten dute euskal sentimendua duten herritarrengan, indar politiko batzuetara edo besteetara lerratzen diren herrikideak aurrez aurre ipintzen dituzte-eta. Hori ez da huskeria erkidego baten elkarbizitza eta biziraupenerako, bistan denez.

Gainera, modan jarri zaigun gizarte kapital kontzeptuaren arabera argi dago halako zatiketa bat zeharo urruntzen dela erkidego batek idealki bete beharko lituzkeen baldintzetatik, herrikideen arteko harreman ugariak eta konfiantzazkoak izatetik, alegia. Euskal indar politikoek euren jarraitzaileen artean eragiten duten zatiketak guztiz kontrako egoera eragiten du. Gertaera hori begi bistakoa da hainbat herritan, non kaleko giroa jasanezin bihurtu zaio nolabaiteko lotura politikoa (indar politiko batzuekiko zein besteekiko) adierazten duen herritar askori.

Azken buruan, alderdi/fakzio (?) politikoek, gure etorkizuna arrisku bizian jartzen dutela ikusita eta beste auzokide batzuekin arazoak sortarazten dituztela konturatuta, ez da batere harritzekoa euskal jendearen gehiengoa –egungo– politikaz nazkatu izana.

ASTEKARIA
2008ko urtarrilaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude