Horrek, noski, alde txarra ere badu. Horrela, 65 urtetik gorako biztanleriaren portzentzajerik handiena ere EAEk zuen, %18,4 hain zuzen ere. Aldi berean, 14 urteko edo hortik beherako biztanleriaren ehunekorik txikiena ere bertan dago: biztanle guztien %12,2 besterik ez. Zifra horiek duela hamar urtekoekin alderatuz gero, ikus daiteke gazte gutxiago eta zahar gehiago daudela EAEn.
Ikuspegia erabat ezkor bihurtzeko, beste datu bat: 2004. urtean, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan zuten jaiotza-tasarik baxuenetakoa Europar Batasunean: 1.000 biztanleko 9,3 haur besterik ez ziren jaio. Datu horrekin, EAE Poloniaren maila berean dago, eta atzetik lau herrialde besterik ez ditu: Eslovenia (9), Lituania (8,9), Letonia (8,8) eta Alemania (8,6). Bestalde, Europar Batasunean 1.000 biztanleko batez bestekoa 10,5 jaiotzakoa izan zen. Konparazio bat egiteko, 1975. urtean mila biztanleko 19,1 jaiotza izan ziren Euskal Herrian.