Ruscus aculeatus landareaRuscus aculeatus
Erratzun erraztatzeko erratzezko erratza. Ezpeletan ezpeltzeko ezpelezko ezpela, Atharratzeko Ezpeldoiko eta Buenos Airesko Ezpeletako gisa berean. Erratza ezpela da, eta ez da. Ez, Ruscus aculeatus ez baita Buxus sempervirens; bai, ezpelaz erraztatzen eta erratzaz ezpeltzen baita.
Erraztatzearen edo ezpeltzearen langintzarako landare aproposei hortik al datorkie izena? Ala, erabilitako landareetatik izendatu dira langintzak? Erratza eta ezpela izango dira zalantza horren iturri, baina gerora makina bat landarez erraztatu eta ezpeldu izan da. Otezko otezpelaz (Ulex europaea), esilaharrezko goilaran-ezpelaz (Rhamnus catharticus), ipuruzko txinistezpelaz (Juniperus communis eta J. oxycedrus), txilarrezko txilarrerratzaz edo ilarriguntziaz (Erica arborea), Nafarroa Beherea eta Lapurdiko Jatsuetako jats, basarto edo marmarozko marmauerratzaz eta imilitzaz (Sorghum bicolor), lasto ugaritako lastoerratzaz, izkiribeltzezko artatxiki-erratzaz (Panicum miliaceum), batanezko mendaerratzaz (Mentha suaveolens)...
Erruz eta ezin konta ahala eratara erratzatu izanaren arrastoak erratza eta ezpela berak baino hedatuagoak dira. Segi, segi Isastegi, Isasi, Isasinaga, Isasa, Isasti eta abar ugarien isatsari. Nahi izatera tiraka...