argia.eus
INPRIMATU
Catalunya
Joxemari Ostolaza 2008ko urtarrilaren 07a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Euskal Herria. Aspaldikoa da katalanekiko gure harremana. Gogoan ditut kartzelan ezagututako militanteak, harremana ideologikoa eta politikoa adina afektiboa ere bazela sentiarazten ziguten haiek. Gogoan dut Bartzelonan eraikitako Euskal Etxea. Joseba Sarrionandia ikasle ipurterrea kazeta honen kronikagile bilakatua, Ramblasetatik behera joanean Iturengo ttuntturroak ikusi ez zituena, ziutateak irentsita. Eta Kiko Pi de la Serrak goizaldeko ordu txikitan bere etxera eraman gintuenekoa, musika eta kantuz blai gosaria barne egin genueneko hura, handik gutxira Valentziako Diadan elkarrekin kantatzeko bidea ireki ziguna. Ogibidezkoak ere, ugariak izan dira gure artekoak katalanekin. Eta ahantzi ezineko ustelaren bat aparte, bikain batez adierazi nezake haiekin izaniko tratuen bilakaera. Eguraldiari erreparatzen diodanean beti dut Katalunian arreta emana, eta Bartzelonan bereziki nire etxea ere balitz legez. Eta San Mameseko irudiak bezainbat, manifarenak eta inguruko kaleetako giroenak berotu ninduten, ogibideko politikarien kondoi mentalek nazka ematen zidaten bezala. Jokalariek dute arrazoia. Eremua hauta, lortu arte borroka, eta ondoren joka, Viscaz eta Goraz bete arte Europa.