«Musikarekin asko transmititu daitekeela ikusi dugu, atzerrian euskaraz abestuta harrera beroa izan dugu»
Gaur egun Des-Kontrol gazte askorentzat erreferentea da. Kaleratu duzuen bertsioen CDa modu bat da zuen inspirazioa izan diren taldeak ezagutzera emateko?
Erreferente izatearena ez dakigu egia den, baina guretzat hori esatea ohorea da. Urte askoan ahal izan dugun leku guztietan jo dugu, eta badirudi horrek fruituak eman dituela. Gure helburua zen azken hamaika urteotan eragin diguten taldeei omenaldia egitea; batez ere Euskal Herriko taldeei. Hasieran punk eta Oi! taldeak entzuten genituen; baina gero talde amerikarrak ere entzuten hasi ginen.
Noiz bururatu zitzaizuen DVDa kaleratzea?
AEBetako 2005eko bira egin ostean hasi ginen horretan pentsatzen. Taldeak hamar urte betetzean zerbait egin nahi genuen, eta denbora luzez taldearen gaineko informazioa batzen ibili ginen. Kristoren lana eta buruhaustea izan da, baina merezi izan du. Gerora, DVDa prestatzen genbiltzala, CDa egitea bururatu zitzaigun. Azken finean, CDak lan txikiagoa izan du, kantuak konposatuta zeudelako.
Zer irakatsi dizuete atzerrian egindako birek?
Kanpoan zaudenean taldekideen arteko laguntza baino ez daukazula. Horrez gain, AEBetan oso arraroa egin zitzaigun ordu erdiko emanaldiak egin behar izatea: emateko genuen guztia hain denbora laburrean… Bestalde, oso bitxia da ia kantu guztiak euskaraz eginez halako harrera beroa izatea. Musikarekin asko transmititu daiteke…
Zuek hasi zinetenean punka eta Oi!-a ez zeuden momentu onenean. Orain, berriz, indarberrituta daude oso…
Bai. Gu hasi ginenean oso talde gutxi zeuden. Orain, berriz, Arrasatez gain, Azpeitian, Donostialdean, Bilbon… talde eta entzule asko dago. Guk zorte handia izan dugu
Duintasunez eutsi diskoa jende askorengana heldu zelako. Gainera, sasoi horretan Hodeik bestelako melodiak batu zizkion taldeari, eta agian horrek ere zeresana izan zuen