«Itxaroten jakitea, frustratzea? Horiek dira desioei benetako balorea ematen dieten altxorrak»
Merkurio tantak. Bihotzari ala buruari egiten diozu kasu gehiago?
Askotan bihotzak nahi du zerbait baina buruak “kontuz” esaten dit. Egunerokotasunean batzuetan bihotzak irabazten du, eta beste batzuetan buruak… arriskatu edo prebenitu. Kantuak egiterakoan errealitate hori islatzen saiatzen naiz, gehienetan bihotzak sufritzen duena –buruaren erruz– atera nahi dut barrutik.
Diskoa kaleratuta, arindu al duzu “barruan daramazun inoiz lehertzen ez den ekaitza”?
Beno, ekaitzak badatoz oraindik. Satisfazio eza nahiko presente dago nire bizitzan, beti zerbait faltan botatzen, beti hobeto egon nahi… Lan hau kaleratuta ekaitz hori onartzen jarraitzen dut, bizitzaren parte dela, alegia. Musikak ez du mina sendatzen, baina ikusi dudana da min hori esatean kontzienteago egin naizela naizenaz, nire mugetaz; eta naizen bezala onartzen dut neure burua.
Nola konbentzitu zintuen Moonpalacek? Ilargia eskaini al zizun?
Moonpalacek ez ninduen konbentzitu, nik konbentzitu behar izan nuen. Maketa bidali nion eta berak proposatu zidan ilargira joatea. Luxua izan da bidaia hau egitea.
Saioaren “mundu partikularra” entzuleekin konpartitzea motibagarria da ala beldur apur bat ematen du?
Motibagarria, dudarik gabe. Hasieran bertigo pixka bat ematen dit sentimenduak biluzik jendeari kantatzen dizkiodalako, agertokian bakarrik… Baina eroso sentitzen naiz aldi berean. Kontzertu aurreko egunak emozionalki kargatzen joaten naiz, deskargatzeko –abesteko– beharra gehitzen da, eta kontzertu ondoren hustu bezala egiten naiz.
Egarria, gosea eta desioa oso presente daude hitzetan. Gizakiak oinarrizko premiak ahaztu al ditu?
Ez ditu ahaztu, baina premia horiek areagotu egin dira. Gaur egungo gizarteak desioak ti-ta ase nahi ditu. Itxaroten jakitea, frustratzea… horiek dira desioei benetako balorea ematen dieten altxorrak.