argia.eus
INPRIMATU
Goroldioaren indarra
  • Physcomitrella patens goroldioaren genomaren azterketak iraultza ekar dezake nekazaritzan. Goroldio horrek 450 milioi urte darama Lurrean eta oso zelula gutxikoa izanik eta hazteko duen erraztasuna dela-eta, erreferentziazkoa izan da beti beste organismo konplexuagoak aztertu ahal izateko. Goroldioak lehorte garaietan nola irauten duen eta euria hasi orduko zein azkar hazten den aspaldi harrituta ditu botanikariak. Ezaugarri hori oso interesgarria izan daiteke leku lehorretan landatzen diren landareentzat.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko urtarrilaren 03a
Physcomitrella patens
Physcomitrella patens landareaPhyscomitrella patens
Hogei urtetik gora behar izan dira Physcomitrella patens-en genoma osoa ezagutzeko eta orain zientzialariak lehortean bizirautea ahalbidetzen dioten geneak bilatzen ari dira. Izan ere, goroldio horrek badu beste abantaila bat: alde batetik oso erraza da haren geneak identifikatzea, eta bestetik, kanpotik ADNa sartzen zaionean oso ongi integratzen du bere baitan. Ezaugarri horiek direla-eta, oso preziatua da laborategietan erabiltzeko.

Neguko sua,kutsadura eragile
Neguan atmosferara igortzen ditugun karbono partikuletatik, erdiak nekazaritzako eta etxeko suen eraginez sortzen dira. Beraz, aipatu suak neguan gutxitzeko gai bagara poluzioak ere behera egin dezake.

Abenduaren 15ean Journal of Geophysical Research aldizkarian argitara emandako artikuluan, Europako Batasunak finantzatutako Carbosol proiektuaren ondorioak azaldu dira. Proiektuko partaideen arabera, neguko karbono-kutsaduraren erdia tximinietako, nekazaritzako eta lorategietako suteen ondoriozkoa da.

Azterketa egiteko hainbat trazadore kimiko erabili dituzte, besteak beste leboglukosa, kutsatzaile begetalak detektatzeko, eta karbono-14, fosiletatik datozenak antzemateko. Emaitzak oso argiak izan dira: leku batetik bestera aldaketak badaude ere, batez beste %50 eta %70 artekoa izan da aipatu suteen eragina karbono-poluzioan. Neurketak Europa osoan egin dira, Portugaleko itsasotik hasi eta Hungariaraino, Puy de Dome (1.400 metro) eta Mont Blanc (4.300 metro) mendiak barne.

Kutsadura mota horri ez zitzaion garrantzirik ematen orain arte, baina frogatuta geratu denez arnas arazoak eragiten ditu, birika-minbizia eta guzti. Jada hainbat estatuk debekatu du neguan su egitea baratze edo lorategietan.