argia.eus
INPRIMATU
Gatazkaren higaduraz
  • Angelek nekea aldarrikatuz agurtu gaitu, “La cosa”rekiko nekea, hain zuzen. Gauza jakina da historia totelka ari dena. Gure historia noiztik dagoen hitz berean trabaturik (ind… ind... inde… pe… peee…dependen… tzia) ez dakit, baina uler dezaket nekearen aitormena. Zenbat aldiz ez ote zait etorri ahora –ezpainen muga zeharkatzera iritsi ez arren– palestinarren eta israeldarren arteko gatazkaren enegarren suhartzearen berria entzutean “zoazte denak popatik hartzera zuen Jerusalem sakratuarekin eta idatzi postal bat dena bukatzean” gisako ohar bat?
2008ko urtarrilaren 02a
Dani Blanco
Haatik, hori pentsatu bezain laster datorkit burura gureak sor lezakeen asperraldia, eta nire buruari errieta eginez amaitzen dut gehienetan. Kanpotik ikusita aspergarria da, hurbiletik bizita tragikoa, eta nirea eta beste hainbatena den distantzia ertainetik, berriz, tragikomikoa, aldartearen eta gertakizunen larritasunaren arabera.

Baina, historia handia begiratuz gero eta gizarte baketsuak zeintzuk izan diren aztertzen hasten bagara, zertaz ohartzen gara? Bada, bakea diktaduren pribilegioa dela. Pax romanarekin hasi eta geroztikako bake egoera guztiak botere bakar baten indarkeria sistematizatuaren emaitza izan dira, salbuespenik gabe. Beldurrean oinarritzen da bakea. Arrazoi du PPk esaten duenean frankismoarena aro baketsua izan zela. Ordea, nork nahi du bake horretatik gehixeago? Bestalde, bakeak beti suposatu du gatazka kanpo aldera trasladatzea. Hots, barruan bakea lortzeko gizarte “baketsua”k kanpoan aurkitu behar du etsaia –Amerikako Estatu Batuek (AEB) hain ongi egiten dakitenez–.

Azkenaldion modan jarri da goi-politikagintzan AEBetatik datorren storytelling delakoa. Diskurtso ideologikoak ez duenez jada jendearengan eragin emozional aski azkarrik, horren ordez politikaren gionizazioa jarri dute indarrean. Bizitza politikoari osagai narratiboak txertatzen zaizkio, ipuin itxura har dezan, telesail bat bezain entretenigarria eta adiktiboa bilaka dadin. Sarkozy presidentearen bizitza pribatuaren instrumentalizazioa litzateke guztiz kontzientea den estrategia horren adibiderik berriena eta nabarmenena. Finean, politikagintzan betidanik existitzen den zerbait da, baina lehen planora pasatu da storytelling izenpean.

Nago ez ote beharko genukeen guk ere halako zerbait landu nekea uxatzeko, “gauza”rekiko interesa berpizteko, eta lehen-lehenik gure artean. Zeren eta, nahi ala ez, gatazka hau luzerako daukagu –mende eta erdi daramagu horrela eta ez dut ikusten zergatik aldatuko litzatekeen egoera egunetik biharamunera–. Hitzak higatu egiten dira, errepikatzearen poderioz, eta uste dut darabiltzagun hitzak gu baino are nekatuago, gastatuago, daudela euskal gatazkari dagokionean. Kazetaritzaren korpusa aztertzen duzuenok, Jose Inazio, badakikezue hori beste inork baino hobeto. Harold Ramisen Groundhog day filman bezala, egunero egun bera dela iruditu izan zaigu behin baino gehiagotan egunkarien izenburuak irakurtzerakoan.

Horregatik, ez bagaitu asperraldiak hilko beharrezkoa deritzot asperraldia hiltzeari. Hauteskundeak irabazteko ez dago berrikuntza ideologiko handirik proposatzerik –dena esanda dago eta ez behin edo bi bider, milaka aldiz baino–. Aldiz, posible da hitz berriak proposatzea eta gizarte honetan aspalditik indarrean –edo ahulean– dauden Narrazio Handiak zertxobait eguneratzea. Gidoilariak behar ditugu. Narrazio berri on!