Zein berezitasun ditu nobela honek?
Liburu honek asko du soziologiatik. Fikzioa, neurri handi batean, aitzakia da Elvis hil zen urteko garaiaz hitz egiteko. Ez da inon aipatzen zer herri den, baina nik buruan nuen nirea bezalako herri bat, hau da, euskaldunak eta erdaldunak kopuruz berdintsu zirena eta industrializatua zena. Berdin izan daiteke Legazpi, Zumarraga, Ordizia, Andoain, Elgoibar eta beste mordoska. Eta hitz egiten da politikaz –ez asko–, soziologiaz, jendearen pentsaeraz eta abar, gaztetxo batzuen ikuspegitik. Gaztetxoak izan ohi dira nahiko xaloak, tolesgabeak, inuxenteak, idealistak, bihotz handikoak, eta holako ikuspegi samurra dauka narratzaileak.
Zergatik jarri zenion titulu hori?
Elvis izena behin eta berriz agertzen da liburuan, baina ez Elvis bera, ez eta haren musika ere. Protagonistek musika asko entzuten dute, baina Janis Joplin, The Who, The Doors... Liburuan nerabezaroari dagokion istorioa kontatzen da: nesken bilatze, irrikatze kontu hori.
Azal deigarri samarra du zure liburu honek.
Lehen ere egin nuen libururen bat azal deigarria zeukana eta, hura ikusita, baten batek esan zuen: “Euskal Herriko azalik probokatzaileenak egiten dituzu”. Eta erantzun nion: Egiten zizkidatek! Eta hau ere, jakina, ez da nik egina. Meritua du Lorea Uribetxeberria izeneko diseinatzaileak. Eta ez da probokazio hutsa. Liburua leitu eta gero egin zuen, eta liburuko pasarte inportante bat da hor dagoena. Horrek ez dakit irakurtzeko gogoa pizten duen edo ez duen, baina azala, berez, polita da.