argia.eus
INPRIMATU
Bihotza zaintzeko hamar elikagai
  • Dieta orekatua da bihotz-hodietako osasunari eusteko gakoa. Koipe gutxiko dieta, haragi gorri gutxirekin eta arrain kontsumoa gehituz, arrain urdina batez ere. Jarraian bihotzarentzat bizi-asegururik onena eman dezaketen elikagai zerrenda aurkeztuko dugu.
Jabier Agirre 2008ko urtarrilaren 03a
- Fruta. Bitamina antioxidatzaileak dauzkate, eta presio arteriala jaisten dute. Bestalde, fruta asko oso oparoak dira zuntz disolbagarritan.

- Arrain urdina. Bere gantz-azido poliinsaturatuei esker –omega 3 motakoei esker, batez ere–, kolesterol eta triglizerido mailak jaisten ditu. Eragin antikoagulatzaileak ditu, eta presio arteriala gutxitzen du. Beraz, astean bitan gutxienez sardinak, atuna edo berdela bezalakoak kontsumitzea komenigarria da.

- Barazkiak. Miokardioko infartua izateko arriskua gutxitzen laguntzen dute, odoleko kolesterol maila jaisten dutelako. Hosto berdeko barazkiek –espinakak eta brokoliak, esaterako– ematen dute babes gehien.

- Tomatea. Beste fruta eta barazki batzuek baino likopeno gehiago dauka. Likopenoa antioxidatzaile naturala da, kolesterol txarra edo LDL oxidatzea eragozten duena, eta beraz arteriosklerosiaren prozesua gelditu egiten du.

- Lekaleak. Zuntz disolbagarri asko dituztenez, gure eginkariekin batera kolesterol zati handi bat ere kanporatzen da.

- Oliba olio birjina. Gantz-azido monoinsaturatuak –polifenolak eta fitosterolak– ugari dira oliba-olioan, E bitaminarekin batera. Horregatik, infartuari eta arteriosklerosiari aurre hartzen laguntzen du.

- Ardo beltza. Neurriz hartuz gero, arterietan plakak pilatzea saihesten du, eta beraz, infartua jasateko arriskua nabarmen murrizten du.

- Fruitu lehorrak. Koipe poliinsaturatuak –intxaurrek– eta monoinsaturatuak –almendrek eta hurrek– ematen dituzte, kolesterol eta triglizerido maila gutxituz odolean.

- Zereal integralak. Zuntz ugari dutenez, odoleko kolesterol, azukre eta intsulina mailak hobetzen dituzte. Arterien funtzionamendua hobetu eta zirkulazio-sistemako hantura murrizten dute.

- Txokolate beltza. Haren %70 kakaoa denez, polifenolak dauzka. Substantzia horiek odola arintzen dute, tronbo arriskua gutxituz eta LDL motako kolesterol mailak jaitsiz.