argia.eus
INPRIMATU
Artikuluak idazteari buruzko artikulua
  • Artikulugintzako konbentzioak –maiz adierazi gabeak– kontuan hartuta, hainbat praktika desegokitzat jotzen ditugu, eta nekez onartzen dizkiogu gure buruari. Kontrako eskuan, beste gauza batzuei egoki eta baliagarri deritzogu artikulu bat idatzi behar dugunean.
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2008ko urtarrilaren 02a
Inma Errea
Inma Errea idazleaMikel Saiz
Esaterako, praktika arrunta da, oro har oso ongi ikusia, artikulu bat idaztean gure iritzia zuzen-zuzenean agertzea, unean uneko afera publikoei buruz. Arau horri jarraiki, nik hainbat gai ukitzeko aukera izan dut, artikulu hau idaztera paratu naizenean. Eskura izan ditut AHT, euskal afera –haren hari-punta guztiekin–, Nafarroako egoera –aurrekoaren hari-punta gisa hartuta edo hartu gabe– edo, kontu unibertsalagoak aipatzeagatik, klima-aldaketa eta nazioarteko gatazka ugariak.

Nahiko ongi ikusiak dira, baita ere, azterketa sozialak –burutsuak zein azalekoak– batez ere artikulu-egilea bere jarrera argi samar erakusteko gauza bada. Hor ere banuen aukera zabala: festetako kontsumismoa, inmigrazioa, euskararen inguruko kontuak, hezkuntzari lotutako gai askotarikoak, kulturaren gainekoak...

Azkenotan, bestalde, nahiz garai batean nork bere baitako gaiak aipatze hutsa lotsagarritzat jotzen zen, arlo pertsonala ere sartu da iritzi-artikuluen esparrura: arrunta da norbere eskarmentua hartzea artikulu baten abiapuntu edo, harago joanda, idazkiaren ardatz gisa, eta irakurleak ohitu dira horrekin, batik bat blogen ugaltzearekin batera.

Hori guztia ongi dago. Esan nahi baitut artikulu-egileentzat onuragarria dela –nahiz ez dakidan hala ote den irakurleentzat–, eta idazteko bidea errazten duen heinean erosoa da –are erosoagoa, euskaraz, non sari nagusia maiz nork bere barruak husteko beta hutsa baita–.

Baina artikulu bat idatzi behar izan duen orok daki ur nahasiagotan sartzeko apeta hor duela beti, ate joka. Desira hori saihesteko modukoa izanda ere, hor irauteak indartsu bihurtzen du.

Artikulu honetarako edozein gai har nezake, hartu dudana baino erosoagoak eta erakargarriagoak gehienak, hala niretzat nola irakurleentzat. Baina oraingo honetan nire burua uherduran murgiltzeko apetari ireki diot atea, eta, gai bat baino, mugak lauso dituen sentipen moduko bat azaldu nahi izan dut, adierazteko gaitza, amildegi deserosoa –muga lanbrotsuak dituen heinean–, galbide handiagokoa.

Gaur artikuluak idazteko manerak hartu ditut mintzagai, esateko gero eta arbuio handiagoa sortzen didala iritzi aratz garbiegiak –zuri ala beltzeko juzkuak– emateak, edozein gairi buruz ertz gutxiko jarrera ñabardura gabea hartu eta errealitatea –errealitateak!– ikuspegi batetik baino ez hartzeak. Gogogabe handia pizten dute ene baitan aditu-plantek, halakoek esateko garbiagoak –errazagoak?– diren gauzak modu egoki eta txukun batean adierazteko kezkaturik ibiltzera behartzen gaituztelako, benetan inportanteak izan daitezkeen kontuak bazter utzita.

Ohartu naiz –eta hau biluzten nauen aitorpena da– ene gogoa eta jarduna zein bere kabuz ibiltzen direla –nahiko modu eskizofrenikoan– artikulu bat idatzi behar dudan bakoitzean, eta lan handia ematen didala –horretan saiatuta ere– benetan funtsezko jotzen ditudan gauzei buruz egiatan aritzeak. Ezin dut zedarritu zertan den benetakotasuna, baina gero eta beharrezkoagoa dut, hala bizitzan nola idazkuntzan.

Haren bila nabilelako, gaur zilegiago iruditu zait balizko irakurleekin nire kezka hau partekatzea, metafora eta joko literarioen distirari, iritzi zuritzaileei eta ohiko gai konkretuei uko eginik.

Uko horiek, ordea, ez dira meritu, ezta haien aipua aieru ere, ene asmoa hemen egiatan eta askatasun osoz aritzea besterik ez baita izan, artikulugintzako konbentzioetatik aldendurik eta kasik gogoz kontra jardunda. Artikulua bukatzean zalantza izan dut modu ulergarrian egin ote dudan. Baina ulertua ez izateko perila ere onartu dut oraingo honetan.