argia.eus
INPRIMATU
Ari haiz?
Edu Zelaieta Anta 2008ko urtarrilaren 02a
Idazleei, musikariei, ikertzaileei edota artistei maiz galdetzen zaie noizko hurrengo proiektua, ea dagoeneko horretan ari diren. Hedabideetako elkarrizketa publikoak nahiz solasaldi pribatuak lekuko. Nire begi-belarrien arabera bederen, bitxia da euskarazko mundutxo honetan hiketan galdetzen duten (ia) denak gizonezkoak direla ohartzea. Are gehiago, galdetzeko atrebentzia duten (ia) denak gizonezkoak ohi dira. Gure –literaturaren– soziologiaren sintoma ote?

Badirudi jendartearen goi-beheak eta ezker-eskuinak melatu dituen eredu kapitalistak kultura sortzeko moldean ere eragin nabarmena izan duela: produktu bat egin orduko, hurrengoa ekoiztera abiatu beharra da nahitaez. Kateak ez du etenik onartzen, ezta kazetarien edo lagunen asmo oneko galderek ere. Eta ez zait harritzekoa iruditzen; azken batean, sortzailea presio batzuen menpe bizi da, inguruko pertsonak bezalatsu.

Kontua da halako sukarrak gauzak sortzera eramaten ahal gaituela, benetan ezer sortu nahi ote dugun jakin gabe. Horrela, sortzaileak etengabe behar du ari eta ari. Atergabe, negu bihotzeko elur erauntsia balitz bezala. Begira, begira leihotik: kultura ari du, mara-mara.