"Negozioetan porrot egitea genetikoa dugu"

  • Zahartzea urteak hazka eginez kontatzea bada, zahartzea norbere pauso arrastoez ahazten hastea baldin bada, zahartzea atzeraka eta aurreraka ibiliz nekatzea baldin bada, zahartzea zabartzea baldin bada, Edward Rosseten jaiotza agirian zenbakiz nahastuko ziren.
Edward Rosset
Edward Rosset idazleaDani Blanco

Zure bizitzak nobela historikoa dirudi. Zure biografian norbaitek eskua sartu eta datuak asmatu eta erantsi balitu bezala.


Bai, hala da, nobela bat da. Baina egia da dena.

Bazen behin Rossetti izeneko bat, Giussepe Garibaldi Italiako gudari historikoaren gudetako lagun mina izan zena.


Aitonari entzun nion... Garibaldirekin ibilitako Rosseti sonatua, gure arbasoa zen. Garibaldi XIX. mendean kanporatu zuten Italiatik, eta beraz nire aitonen aitona ere orduantxe joango zen Ingalaterrara. Rosetti hark bi seme-alaba izan zituen, bat Cristina Rossetti, poeta, eta bestea Gabriel Dante Rossetti, idazlea eta Ingalaterran jaiotako pintore handienetakoa. Uste dut National Galleryn dagoela bere Ama Birjinaren deikundea koadroa, ingeles batek margotutako koadrorik onenetakotzat jotzen dena.

Eta ‘i’ horrekin zer gertatu zen?


Denboraren lana izan da, ezabatuta utzi du, norbaiti idaztea ahaztu omen zitzaion aitzakian.

Mende bat geroago Oñatiko jaiotza agiri batean azaldu zen Rosset abizena. Edward Rosset zen. Oso arraroa egingo zitzaion agiri sailkatzaileari.


Bartzelonatik iritsi zen gure familia Oñatira. Aita oso kultua genuen, oso gizon argia, eta Oñatiko enpresa batek lanpostu ona eskaini zion, ULMA ez, ez zen orduan, baina ULMAren hasieretako fabrikaren bat zen, Zubillaga auzoan. Laster bere kontura jarri zen, erresistentziak eta holakoak eginez. Maletetan arropa tartean ezkutatuta eramaten zituen hiri handietara, Madrilera, Bartzelonara, Donostiara, eta han saltzaileak zituen horiek saltzeko. Azkenean hogei pertsonako fabrikatxo bat muntatu zuen Oñatin. Eta Oñatin jaio nintzen ni. Gaur egun oraindik ere joan Oñatira, hango zaharrenei galdetu iezaiezu ea oroitzen diren ingelesaz, “baiiiiii” esango dizute denek, “zakurrarekin joaten zen beti ingeles hura”. Hura nire aitona zen, ingeles purua. Guelleko kondearen zerbitzura egin zuen lana Bartzelonan, kondearen eskuin eskua izan zen.

Eta birraitona, Otto, bankari handia Ingalaterran.


Hondoa jo zuen arte. Horregatik emigratu behar izan zuten Espainiara, ihesean.

Bizitza ziklikoa omen zen lehen, eta hala behar du orain ere, bi belaunaldiz behin errepikatu egiten ei dira gertaerak.


Hala da gurean. Ondo doan negozioa hankaz gora behin baino gehiagotan bota dugu gure sendian, negozioetan porrot egitea genetikoa dugu. Birraitona arruinatu egin zen, eta aita ere bai. Psikologo batek esan zidan: “Hori familiakoa da, burmuinean sartua duzu, eta inkontzienteki horren bila zabiltza, azkenean hondamendira iristea. Senaren lana da, ez duzu hori nahi, baina zure barneko ni-a horren bila dabil, lehenagoko belaunaldiarekin hori gertatu zelako eta gertaerak errepikatu egiten direlako”. Oso kuriosoa da, teorizatua dago hori, gertaerak errepikatu egiten dira belaunaldirik belaunaldi. Eta batik bat aitonengandik bilobetara. Ni agian salbatuko naiz, dagoeneko berandu da, bizitza bukaeran nago, eta birraitona eta aita arruinatu egin ziren, beraz aitonari eta niri salbatzea tokatzen zaigu.

Bizitzak karamelu bat ematen du umetan.


Prim kaleko 30. zenbakia zen gurea. Oñati utzi eta Donostiara etorri ginen, aitak denda handi bat zabaldu zuelako Getaria kalean, gero Amaia zinea egin zuten bere dendaren lekuan. Prim kaleko gure etxea ez zen zinema, baina bai ikaragarria, 120 metro koadro zituen, eta nahiko iluna gogoratzen dut nik. Saloi handia genuen, eta gela asko; gela bat pianoa eta tresilloekin, terraza-balkoi bat, eta sukaldean frigorifikoa. Hori oso arraroa zen orduan, gurea Amerikatik ekarria zen propio, eta pentsatzen dut aitak izugarri ordainduko zuela. Pianoaren gelan disko-jogailu bat ere bagenuen, automatikoa, zortzi disko handi sartzen zitzaizkion, eta bat bukatzen zenean bestea erortzen zen automatikoki, eta bestea erortzen zenean hurrengoa, zoragarria zen hura. Disko-jogailuaren altzari berean, beste aldean edaritegia zegoen baso batzuekin.

Baina karamelu bakarra ematen du bizitzak, eta agortu egiten da.


1950ean, Europak eta Ipar Amerikak Espainiarako kredituei bidea moztu zieten, eta bankuen mailegu guztiak izoztuta gelditu ziren. Gure aita arruinatu egin zen, eta gure burua behartua ikusi genuen Irunera joatera, erdi ihesian. Irunen beste bizitza bat hasi behar izan nuen. Lehen Donostiako kolegiorik onenera joaten nintzen, eta gauetik goizera lanean hasi behar izan nuen. Portzelana fabrika batean platerak margotzen jardun nuen, eta kamioiak kargatzen, etxean lagundu egin beharra zegoen.

Eta nola erreakzionatzen du pertsonak psikologikoki?


Galdera ona da hori, nik ere nire buruari askotan egin izan diot. Sekulako tripa hustua sentitzen duzu, urdaila korapilatzen zaizu, ikusten duzu dena bukatzen dela, etxea hutsik gelditzen dela, pianoa ere badaramatela.

Kapitulu berri bat zabalduko dugu: Edward Frantzian.


Orduan jende guztiak joan nahi izaten zuen Frantziara. Denek alde egin nahi zuten Espainiatik. Asko ziren pinuak botatzera joaten zirenak, edo Frantziako fabriketara lanera, eta Hendaiara ere sekulako inbasioa zegoen. Niri, ni baino pixka bat zaharragoko mutil gazte batek proposatu zidan: “Aizu, Frantzian ari naiz lanean zerrategi batean, eta jendearen bila ari dira, interesatzen zaizu?”. Ni orduan kamioiak kargatzen ari nintzen Irunen, eta ez zidaten ezer ordaintzen, huskeria bat. “Zenbat irabazten da?” galdetu nion badaezpada, eta Irunen nuena baino hamar aldiz gehiagoko jornala aipatu zidan, hilean lau bat mila pezeta-edo. Begiak itxita abiatu nintzen. Eta zabaltzean, hemezortzi urterekin, basoan pinuak botatzen ikusi nuen nire burua. Ni, esku zuri-zuriko mutila. Txiki-txiki eginda gelditzen zitzaizkidan hatzak, eta esku ahurra, baina hemezortzi urterekin edozer gauzatara moldatzen da pertsona.

Berrogei eguneko elurtea, ijitoek amona jan zuten urtea.


Zortea zer den, azken ehun urteetako negurik gogorrena tokatu zitzaidan. Basoko txabola batean bizi ginen, han jan eta han lo, eta txabolak zulo handiak zituen, haizea edozein lekutatik sartzen zen. Sekulako hotza egin zuen, hilabete oso batean zero azpitik hamabost gradu inguruan ibili zen termometroa, ez zen inoiz -10etik igo. Eta zuhaitzak izoztu egin ziren, zuhaitz bat botatzera joaten ginen eta ezin genuen, zerra ez zen kristalean sartzen. Hiru astean gutxienez lanik egin gabe egon ginen. Eta han pasa nituen hilabete batzuk, oso modu primitiboan, gero Bordelera joan, eta han itsasontzi batean sartu nintzen arte.

Polizoi moduan?


Ez, ez, ontziko kapitainarekin hitz egitera joan nintzen, eta esan zidan sartzeko, bazegoela eta lana. Garai hartan Bordelen erraz ematen zuten lana itsasontzietan. Eta nik, orotara, hiru ontzitan lan egin nuen. Lehena Panamako bandera zeraman ontzi zahar bat zen, txatarra bihurtu aurretik azken bidaia egitera zihoana. Mediterraneoko bidea egin genuen, Casablanca, Tunez... Genoara iritsi arte. Baina bidean oso larri ibili ginen. Behin baino gehiagotan hondoratzeko mugan, olatuak ontziaren gainetik pasa ziren, gorriak ikusi genituen.

Tagliatelle, Macarroni, Spaghetti... Pasta markak dira denak.


Panamako ontzia Italiako konpainia batena zen, eta egunero-egunero pasta jaten genuen, hilabete baino gehiago pasa genuen egunean bitan pasta janez. Ni sugina nintzen, suari ikatza bota behar izaten nion. Beste guztiak ni baino zaharragoak ziren; hemezortzi urte baino ez nituen, eta ez nezakeen gauza handirik esan, baina beste guztiek ontzia itsasoaren erdian gelditzea deliberatu zuten. Edo behintzat milia erdi bat orduko abiaduran joan zedila. Ikatza normal bota beharrean tarteka-marteka palakada bat botatzen genion, eta orduan galdararen presioa jaisten zihoan. Azkenean kapitaina guregana etorri zen, ea zer gertatzen zen, eta protesta egin genuen denek, nazkatuta geundela egunero pasta jaten, eta nolabait kapitainak agindu zigun lurra hunkitzen genuenean otorduak aldatuko zizkigula. Aurrera egin genuen hala, baina kinka larrian ibili ginen itsasontzi zahar hartan itsaso erdian geldirik.

Itsasoaren erdian preso egotetik lur gainean preso egotera tarte laburra dago; milia batzuk, eta urtebeterik ez.


Petrolio-ontzi batean sartu nintzen Marseillan, eta ontzi hark Pertsiar Golkora eraman gintuen. Gaurko Saudi Arabiara iritsi ginenean, ez dakit zergatik, lagun amerikar batek ontzia uztea proposatu zigun niri eta beste bati, han beroa egiten zuela, aspertuak geundela, eta lurrean hobeto moldatuko ginela. Hari kasu eginik hankak lurrean jarri genituen, eta hiriko hotelik onenera joan ginen lotara, Hilton hotelera, “lasai, nire aitak ordainduko du” esan zigun. Amerikar hura misterio bat zen. Biharamunean, bere aitarik ez zen ageri, telefonorik ez zuen erantzuten, eta hiriko hotelik ederrenean lo egitetik hondartzara pasa ginen lotara. Hiru bat gau pasa genituen han, eta azkenean polizia etorri zen gure bila. Emigrazio ilegala leporatuta kartzelan sartu gintuzten. Bi astean egon ginen zurientzako apartamentu berezian, kaiola batean, zooko gorilak nola barrote artean. Oso kaiola handia zen, jakina, lau ohe zituen, edo sei, baina haizea libre zebilen barrote artetik, eta gu han preso. Hustu beharretarako paretan kubo bat geneukan, ez zegoen paper higienikorik, baina ur txorrotada bat bai eta eskuarekin garbitzen ginen, arabiarrek egiten duten bezala, eskuz eta urez.

Afrika, destinu petrala...


Nik ez dakit zer patu puta zen nirea, ontzia hartzen nuen bakoitzean Afrikako iparraldean bukatzen nuen, mairuak ikusteaz kokoteraino bukatu nuen. Soldaduskara joan nintzenean ere Libiara eraman ninduten berriz, “ez daiteke izan” pentsatu nuen, itsasoko bide guztiak Afrikara iristen zirela etsita.

Nola sartu zinen RAFen?


Londresen nengoela, hogeita bat urterekin, soldaduskara hots egin zidaten, eta hiru urterako izenpetu nuen, hartara ofizioren bat ikasteko aukera gehiago nuelako. Lurrekoa, airekoa edo itsasokoa, zein nahi nuen galdetu zidaten, eta nik RAF aukeratu nuen, Ingalaterrako aire armada sonatua. “RAFera joan nahi baduzu azterketa psikotekniko bat pasa behar duzu” esan zidaten, eta azterketa psikoteknikoa gainditu nuen, inteligentzia maila neurtzen zen. Hasiera batean hizkuntzak ikasi nahi nituela esan nien, errusiera eta, baina ezin zen nonbait, eta beraz telegrafista izan nintzen. Bost hilabete pasa nituen morse ikasten, mezuak bidaltzen eta jasotzen, eta nire promozioko lehena izan nintzen morsean. Esan bezala, Afrikara bidali ninduten berriz, Libiara, basamortu erdira, El Ademera, kostaldetik hogei miliatara. Ikusi egin behar zen zer zen hura, hondar gutxi eta harri asko, eta gu han bi urterako, jaungoiko maitea!

Nolako mezuak iristen ziren seinale dorrera?


Denetik iristen zen, baina bi aldiz iritsi zitzaidan SOS mezua, SS morsez. Bi horietako batean Mesina itsasontziak bidalitako mezua izan zen, hondoratzear zegoela abisatuz. Egun zoragarria egiten zuen, zeru urdin-urdinekoa, ez haize eta ez ezer, baina zerbait gertatuko zitzaion eta SOS mezua bidali zuen. Nik goitik parte eman nuen eta itsasontziak bidali zituzten haren bila, baina besteak iristerako Mesinaren arrastorik ez zegoen, ontzia desagertu egin zen, eta geroztik ere ez da sekula deus gehiago jakin ontzi hari buruz. Notiziarik ez da sortu.

Maitasun gutunak morsez idazten zituen soldadu tristea.


Hala nintzen. Libiako seinaleen dorretik Pasaiako norbaitekin jarri nintzen behin harremanetan, eta esan nion Libiatik deitzen niola, “baina zer egiten duzu Libian?”. “Ez, begira RAFen nago –esan nion–, baina nire andregaia Pasaian bizi da, inporta litzaizuke errekadu bat ematea?”. “Ez, gizona, ez –erantzuna–, nahi baduzu bihar hona etortzeko esango diot”. “Bai, horixe” poztu nintzen. Eta sinestezina izan zen. Nire andregaiarekin hitz egin nuen morsez bost mila miliako distantziara.

Eta zu andregaiarekin hizketan zenbiltzan bitartean Libian iraultza prestatzen ari zen.


Bai, ni handik joan eta laster lehertu zen iraultza. Ordurako Gadafi sarjentu zen. Baina guk Idrish erregea ezagutu genuen boterean, bizar zuridun zahartxo bat. Bi jauregi zituen, bat Tabruken eta bestea Benghasin. Beraz jauregi batetik bestera joan nahi zuen bakoitzean RAFi galdetzen zion eraman zezala, eta RAFek hegazkina jartzen zion bere eskura. Hegazkina hartzera zetorren batean niri egokitu zitzaidan guardia egitea, eta han etorri ziren bi auto, bi auto amerikar noski, Cadillacak. Lehen autoan bera zetorren atzeko aulkian, bera bakarrik, eta atzeko autotik lau emakumezko atera ziren.

Arabiarrek nola begiratzen zizueten?


Arabiarrek beti ikusten zaituzte Johnny bezala, “Johnny, nahi duzu ordularia? Nahi duzu nire arreba?”, beti galdera berdina. Hirira joan eta denetik eskaintzen ziguten. “My sister, do you want my sister?”. “Baina zer diozu mutikoa, zenbat urte ditu ba zure arrebak?”. “Eight, nine”, zortzi, bederatzi, ene bada! Baina hori beti hala izan da, eta gaur egun ere bai.

Eta zuk nola ikusten zenuen zure funtzioa soldadu britainiar bezala Libian?


Lan normaltzat nuen, ez nuen nik asko pentsatzen holako gauzetan. Ezertan ez, egia esan. Ez zitzaidan bururatzen gauza horietan pentsatzea ere, joan, kunplitu, eta ahalik eta etekinik handiena atera. Ez dut oroitzen kontzientzia txarrik ibili nuenik.

Morsean ez zen literaturarik kabitzen, baina seinale dorretik jaitsitakoan sormena libre zebilen.


Basamortuan, nire denbora librea ikasteko baliatu nuen, kazetaritza ikastaro zenbait egin nituen, eta free lance bezala jardun nuen Weekend eta Evening News periodikoetarako. Han hasi zen nire idazketarako afizio suharra. Denbora sobera nuenez nobelak ere idatzi nituen, argitaratu ez zirenak, baina gero nire ikasleentzat baliatu ditudanak, Desert Fugitives eta Desert Commandos.

Azken kapitulua: Edward eta Juan Sebastian Elkano.


Gezurra ematen du, eta askok ez du sinetsiko, baina honelaxe izan zen. Idazten hasi nahi nuen, baina ez nekien nondik hasi, ez zer idatzi. Gau batean amets bat izan nuen eta amets horretan bazen norbait berari buruz idatzi behar nuela esaten ari zitzaidana. Goizean esnatu eta ez nintzen ezertaz oroitzen. Izan nuela amets bat idazketari buruz bai, baina besterik ez. Handik bizpahiru egunera kalean oinez nenbilela flash bat etorri zitzaidan: Elkano! Elkano zen eta! Elkano izan zen bere bizitza idazteko eskatu zidana!

Elkano izan al zen munduari itzulia eman zion lehena? Magallanesek ezetz dio, eta batzuek diotenez, arrazoiz.


Magallanesek munduari itzuli erdia eman zion hasieran, eta urteak pasatu eta gero beste erdia ere bai, baina ez itzuli osoa aldi bakarrean. Elkano, aldiz, hemen hasi zen, itzuli erdia eman zion, zenbait hilabetean geldi egon zen, eta gero beste itzuli erdia eman zion, beraz esan daiteke Juan Sebastian Elkano dela munduari itzuli osoa eman zion lehen gizona. Gertatzen da ingeles bati hori kontatu eta ez dizula sinesten.

Zer erakutsi zion munduari Elkanoren itzuli osoak?


Ez zekiten oso ongi nolakoa zen mundua. Askok uste zuen joan eta joan eta joan eta itsasontzia amildegi izugarri batean behera eroriko zela, ez zeuden hain ziur borobila zenik, hori historiak erakutsi zuen. Gainera hogeita lau ordu galdu zituzten. Munduari itzulia zentzuz kontra ematean asteazkenean iritsi beharrean asteartean iritsi ziren, edo alderantziz. Eta hola frogatu zen gradutik gradura ordubete galtzen dela. Azkenik bidaia horrek erakutsi zuen Malvinas irletara bazegoela bide bat, eta han ez zegoela urrerik, baina bai espeziak, eta urreak baino gehiago balio zuten orduan. Pentsa, Elkanoren ontzia espeziaz kargatuta iritsi zen, eta horiek denak zazpi milioi marabediren truke saldu zituzten. Espedizioa sei milioi eta erdi marabedi kosta zen. Milioi erdi bat marabedi irabazi zituzten.

Eta Espainiako erregeak hala ere bostehun dukat eman nahi ez Elkanori...


Hiru gutun idatzi nizkion erregeari, Juan Sebastian Elkanori diru asko zor ziotelako errege familiatik. Bostehun dukat zor zizkioten, eta ez zizkioten inoiz ere ordaindu, ez berari, eta ez bera hil eta gero eskaera egin zuten bere ama eta bere senideei. Beraz Juan Carlos I.a erregeari esan nion detaile polita zitekeela Getariako alkateari bostehun dukateko txeke nominal bat bidaltzea, Elkanoren izena jarrita. Karta jaso zutela erantzun zidaten, eskerrak ematen zizkidaten idaztearren, baina hortik aurrera deus ere ez, eta hiru gutun bidali nizkion, baina alferrik.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude