Malkoak euritan ez bezala

  • Duela 25 urte estreinatu zenean inork gutxik espero zuen Blade Runner filmak gaur egun zinemaren historian duen itzal luzea lortuko zuenik. Phillip K. Dick idazlearen Do Androids Dream of Electric Sheep? (euskaraz Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?) nobelan oinarritutako maisulanak hainbat gorabehera izan zituen pantaila handira iritsi aurretik.
Blade Runner
Blade Runner filma

“Momentu horiek guztiak denboran galduko dira, malkoak euritan bezala” esaldiarekin amaitzen da Blade Runner filma. Pelikulari ez zaio halakorik gertatu. Malkoak euritan ez bezala, denborak on egin dio. 1982 urteko ekainaren 25ean estreinatu zuten AEBetako 1.290 zine aretotan. Lehen asteko diru-biltzea negargarria izan zen: sei milioi dolar eskas. Hurakan batek eraman zituen berarekin zine-ikusle gehienak: E.T. izeneko traganarruak. Kritikak ere gozotik adina eman zion gazitik: batzuek akziozko filmari dagokion narratibotasuna ez izatea leporatu zioten, “erritmo geldoa” gaitzetsi zuten; kritikari batek, esate baterako, “Blade Crauter” deitu zion, “Blade Arrastaria” –korrikalariaren ordez–. Gainerakoek txalo egin zioten gaien konplexutasunagatik, eta estetikagatik.

AEBetako txarteldegietan ez zuen aparteko arrakastarik izan, bai ordea mundu zabalean. Ondoren, bigarren gaztaroa izan zuen filmak, lehena baino hobea: bideoklubetan harrera itzela izan zuten Blade Runner-en aleek, behin baino gehiagotan ikusiz aberasten den lana baita. Esanguratsua da gogoratzea DVD formatuan kaleratu zen lehen pelikuletako bat izan zela.

Ridley Scott eta Harrison Ford

Azken hamarkadetan bi izen horiek behin baino gehiagotan azaldu izan dira egunkarietako titular handietan. 1982an ere ez ziren hasiberriak, baina Blade Runner-ek jauzi kualitatiboa ekarri zuen euren ibilbidean. Filmaren zuzendaria, Ridley Scott, Should Shields herrian jaio zen (Northumberland, Ingalaterra), 1937an. BBCrako eszenatokiak diseinatzen egin zuen lan, eta hori zuzendu dituen filmetan nabari da. 1967an BBC utzi zuen, RSA agentziarako (Ridley Scott Associated) iragarki spot-ak egiteko. Hala, dirua lortu zuen bere lehen filma egiteko: The Duellists estreinako filmarekin, Cannesko zinemaldian epaimahaiaren sari berezia jaso zuen Scottek. Hala ere, kritikak joko estetiko hutsa egitea egotzi zion.

1979 urtean zientzia fikzioaren gailurreko filma egin zuen: Alien. Filmeko lorpenik handiena, beharbada, off espazioaren erabilera da, munstroa iradokitzen duena, erakutsi beharrean. Blade Runner-en ondoren, 1985ean, Legend zuzendu zuen, artean gaztetxoa zen Tom Cruise aktore nagusi zuela. Kritikariek argudio sorta ikaragarria zabaldu zuten, azken finean, Scotten filma “kaka zaharra” zela esateko.

Gero Someone to Watch Over Me (1987) eta Black Rain (1989) filmatu zituen, baita Thelma & Louise (1991) goraipatua ere. 1992an film guztiz oportunista egin zuen, 1492: Conquest of Paradise. Oportunismoak, hala ere, porrot egin zuen txarteldegietan. Laurogeita hamarreko hamarkadan, film lotsagabeki komertzialak egin zituen: White Squall (1996) eta G.I. Jane (1997) –gaztelaniaz La teniente O’Neal, frantsesez À armes égales– Hauek ere, artistikoki zein komertzialki, porrot hutsak izan ziren. Gainera, azken film horren mezuan ageri den matxismo argiak –filmak, nolabait, zera esaten du: “gizonen munduan biziraun nahi baduzu, egin zaitez gizon”– pikutara bidali zituen Thelma & Louise-ekin hainbatek Scotti aitortu zioten “lurrin feminista”. Handik gutxira, ordea, arrakasta komertziala itzuli egin zen Scottenera, Hannibal (2001) filmari eta bereziki bost Oscar sari eskuratu zituen Gladiator (2000) luzemetraiari esker.

Eta Harrison Ford? Nola iritsi zen Blade Runner filmeko protagonista izatera? Star Wars sagako arrakastatik zetorren Chicagon jaiotako aktorea, eta Indiana Jones estreinatzeko urtebete falta zuen. Rol dramatiko baten xerka zebilen, eta hala heldu zitzaion Blade Runner-eko Rick Deckard pertsonaia. Filmak AEBetan izan zuen harrera epelaren aurrean, Fordek nahiago izan zuen egindako lanari buruzko komentariorik ez egitea. Denborak bere lekuan utzi ditu, ordea, Fordek Deckard hotzari emandako sakontasuna, eta baita filma bera ere.

Philip K. Dick Hollywooden

Blade Runner-ek Philip K. Dicken izena Hollywooden jo puntuan jarri zuen, eta geroztik hainbat film egin izan dituzte haren lanetan oinarrituta. Dick estreinaldia baino lehenago hil zen, baina beretzat propio prestaturiko 40 minutuko froga ikusi ahal izan zuen. Idazlea, Hollywoodekiko mesfidati patologikoa izan arren, honela mintzatu zen Blade Runner ikusi ondoren: “Filmak ikusteko era aldatuko du”.

Dicken obraz gain, filmak asko zor die Fritz Langen Metropolis luzemetraiari, Edward Hopperren Nighthawks koadroari eta Dan O’Bannon eta Moebiusen The Long Tomorrow komikiari, giroa sortzeko iturri estilistiko modura erabili baitzituen zuzendariak. Gainera, Ridley Scottek Syd Mead artista kontzeptuala kontratatu zuen, eta Frantziako Metal Hurlant aldizkariaren eragin handia izan zuten. Izan ere, bertan kolaborazioak egiten zituen lehen aipatu dugun Moebius komikigileak. Hari filmean lan egiteko eskaintza egin zioten, baina berak nahiago izan zuen René Lalouxen Les Maitres du Temps filmean lan egin. Aurrerago, Moebius ederki damutuko zen erabaki hartaz.

Cyberpunk deituriko kulturan erreferentzia nabarmena da Blade Runner. Era berean, bere estetika berria izan arren, oinak estilo zaharrago batean ezarriak ditu: zine beltzean, hain zuzen. Nabari da Raymond Chandlerren istorioen eragina, lehen pertsonako narrazioa, protagonistaren jokabide moral eztabaidagarria... Bestalde, aipatzekoa da Luis Royo artistak filmaren afixarako egin zuen ilustrazioa, imitazio kontaezinak izan dituena, baita egun ere.

Distopia giroa

1980ko hamarkadan egindako aurreikuspen ekonomikoak ageri dira etengabe filmean: Japoniak AEBak menperatuko zituela uste zuten garai hartan ekonomialari estatubatuar ezkorrenek. Hala, hizki japoniarrez betetako Los Angeles distopikoa azaltzen digu filmak. 2019. urteko L.A.-n erlauntza futuristak dira eraikinak, euri eternala eta itzala ororen gainetik. Xehetasunez beteriko girotze aberatsari esker, efektu hipnotikoa eragin dezake Blade Runner-ek. Erne.

Animalien presentzia oso garrantzitsua da filmean. Dicken liburuan are nabarmenagoa da, bertan azaltzen baitu animalia bizi gehienak hil egin zirela Gerra Terminalean, eta geroztik, kopia mekanikoak nagusitu direla. Filmean agertzen den pertsonaia bakoitza animaliaren batekin lotuta dago, zuzenean edo zeharka: Deckard adarbakarrarekin, Leon dortokarekin, Rachael armiarmarekin, Roy otsoarekin, Zhora sugearekin... Hain zuzen ere, erreplikanteak –gizakiaren itxura imitatzen duten androideak– identifikatzeko darabilten Voigt-Kampff testean, animaliei buruzko galderak planteatzen dira, testa erantzuten duenaren enpatia maila, bere “gizatasuna” neurtzeko.

Gidoia, berridatzia

Hampton Fancher-ek egin zuen gidoiaren lehen zirriborroa. Dangerous Days zuen izena, eta Dicken lanetik anbientazioa hartu zuen gehienbat, gizatasuna eta fedea bezalako gaiak baztertuz. Fancherrek Ridley Scott zuzendaria limurtu zuen AEBetan filmatu zezan, eta hainbat iturri lortu zituen filma finantzatzeko, batzuek gerora arazoak ekarriko bazituzten ere. Scott, hala ere, ez zen erabat konforme Fancherren gidoiarekin. Gizatasuna bezalako gaiei garrantzia emateko aldaketa batzuk proposatu zizkion Fancherri, baina honek ezezkoa eman ondoren, David Webb Peoples gidoilariari eskatu zion Fancherrena berridazteko.

Idazketa eta berridazketen poderioz, eta kontuan izanik Scottek ez zuela Dicken lana osorik irakurri, gidoia liburutik aldentzen joan zen. Nobelako gai batzuk gutxitu edo erabat desagerrarazi zituzten: ugalkortasuna ala antzutasunaren arteko eztabaida, erlijioa, hedabideak, Deckard gizakia ote den edo ez, etxeko animalia erreal eta artifizialak, eta noski, emozioak.

Filmaren arrakastari tiraka, Blade Runner-en istorioa jarraitzeko hiru nobela idatzi zituen Dicken lagun K. W. Jens idazleak. Gaien norabidea eta filmarekiko inkongruentziak ikusita, segida bainoago, filmaren izen bereko mundu paralelo bat sortu zuela esan liteke.

Azken bitxikeria filmaren izenburuan dago. Bistakoa da Dicken nobelarena –Amesten al dute androideek ardi elektrikoekin?– ez dela egokiena arrakasta komertziala lortu nahi duen ekoizpen batentzat, baina Scottek zuzendutako pelikularen titulua ez zen hutsetik sortu. Alan E. Nourseren The Bladerunner nobelan eta William S. Burroughsen Bladerunner, A Movie zinemagintza tratatuan oinarritu zen Hampton Fancher gidoiarentzako behin betiko izenburua aurkitzeko, Dangerous Days bazterrean utzita. Halabeharrez topatu zuen Burroughsen liburua, etxeko apaletan. Hala, izenburuaren eskubideak ordaindu zituzten, baina ez liburuenak, ez baitaukate edukian zerikusirik.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude