argia.eus
INPRIMATU
Haritz Leta-Kokein
«SGAEz eta bitartekariez potro eta obarioetaraino gaude»
2007ko abenduaren 23a
Kokein eta Lete
Kokein musika taldea eta Haritz Lete

Musika estilo askotara zabaldu zarete. Kanta bakoitzari eskatzen dizuena ematen ikasi duzue?


Bai. Orain artean egin dugun diskorik irekiena da. Kantu bakoitzari behar duen pertsonalitatea ematen saiatu gara. Kantuen nondik norakoak aztertu ditugu lokalean egindako maketetan. Sentiarazten digutena zer den jakiteko eta grabatzerako orduan bizitasun eta nortasun gehiago emateko balio izan digu.

Ekoizpenaz zuek arduratu zarete lehenengo aldiz. Zer errazten dizue Xanpek?


Ia dena gure esku hartzea erronka zen. Do it yourself antzeko bat egiteak motibatu egiten gintuen. Ni teknikari lanetan ere aritu naiz, baina Xanpek alor horretan guk ez genuen esperientzia aportatu du.

Abestien giroak eta ñabardurak asko landu dituzue. Erraza al da jakitea abesti bat non bukatu eta zer garapen izan behar duen?


Ez dago matematikarik horrelakoetan. Kantuaren entzunaldiak transmititzen diguna da aintzat hartzen duguna.

Mundu margotu berri bat. Zer kolore emango zenioke?


Disko honek taldearen epe jakin batean bizi izan duguna islatu du. Tamalez ez da mundu berri bat egungo errealitateak erakusten diguna, askotan iluna eta krudela da. Baina, badu argitasunik eta koloreak, soinuak, doinuak eta usainak ere badaude.

Zer ikasi zenuten akustikoan aritutakoan? Kantuen gaineko ikuspegi zabalagoa izaten?


Batez ere, gure kantu bat beste gauza zeharo ezberdina bihur daitekeela, abesti bati buelta eman diezaiokegula. Ariketa guztiz aberasgarria deritzot. Eta disko hau lantzeko asko lagundu digu.

Creative Commons erako litzentziaren aldeko apustua egin duzue…


Bai. SGAEz eta bitartekariez potro eta obarioetaraino gaude. Ez genuen gure kontura inork dirurik ateratzerik nahi. Iragarkiren batean erabili zen musika gure baimenik gabe.... Gure musika partekatzea da kontua, edozein gauzak copyright-a duelako sortzen den momentutik.