Errezatzera argazki kamerarekin

  • Fedea krisian dagoen garai hauetan, bogan jarraitzen du espiritualitate bila Vatikano, Jerusalem, Meka, India edota Hego Amerikara bidaiatzeak. Denak balio du barne bakea berreskuratzeko. Hemen bertan ere, Done Jakue Bideak eta Xabier, Arantzazu eta Loiolako santutegiek bisitari asko eta asko erakartzen dituzte urtero. Eta noski, turistak egonda, negozioa egiten duenik ez da falta.
Turismo erlijiosoa
Turismo erlijiosoaDani Blanco
Europan, urtero 30 milioi pertsonak erlijioarekin lotutako bidaiaren bat egiten du, turismo erlijiosoa definitzea zaila den arren. Elizak eta katedralak bisitatzera doanak turismo erlijiosoa egiten al du? Fedeagatik bidaiatzen dutenek erromesaldi deitzen diote euren txangoari, eta ez turismo. Kontuak kontu, eta muga lauso horiek aintzat hartuta, gune erlijiosoek urtero 220-250 milioi bisitari jasotzen dituzte, horietatik 150 milioi inguru kristauak. Vatikanoa, Lourdes (Frantzia), Fatima (Portugal), Meka (Saudi Arabia), Lur Santua, India, Birmania, Guadalupe (Mexiko) eta Aste Santuan Espainia hegoaldea bezalako lekuek milioika lagun hartzen dituzte. Dena den, munduko ia herri eta txoko guztietan aurki daitezke erlijioarekin lotutako turismo guneak.

Katedralak, santutegiak, hilobiak, ibai sakratuak, tenpluak eta amabirjinak –kristautasunaren pelegrinazio lekuen %80k amabirjinarekin du zerikusia– dira erakargarri nagusiak. Gertaera zehatzek ere eragina dute; duela gutxi Joan Pablo II.a Aita Sainduaren heriotzak mugitu zuen jendetza gogoratzea baino ez dago. Edota hurbilago, Xabierko Frantziskoren eta Done Jakue Bidearen urteurrenek. Ospakizun erlijiosoek, beatifikazioek edo Mekarako urteroko deiak ere jende andana mugitzen dute.

Interesa handia izanik, dagoeneko turismo erlijiosoan espezializatutako aldizkariak eta bidaia-agentziak daude. Katalunian sortutako Turismoreligioso.info webgunean, esaterako, gaiaren inguruko informazio anitzaz gain bidaiak antolatzen dituzte, taldeak osatuz. Francisco Canals webgunearen kudeatzailearen arabera, orriak urtebete eskas darama zabalik eta hilero 3.000 eta 4.000 bisita artean jasotzen ditu, gehienak Latinoamerikatik. Catholic.net orrialdean berriz, Vatikanora bidaiatu eta Aita Sainduarekin bildu ahal izateko zer egin azaltzen dute, besteak beste.

Hiri santuen negozio borobila

Interes horretaz baliatu direnak ere ez dira gutxi. Santutegi eta gurtze gune askoren inguruan –bereziki Europan–, museoak, aisialdi guneak, hotelak, dendak, era guztietako zerbitzuak… ireki dituzte, “hiri santuen” amua aprobetxatuta. Vatikanoa izango da jende –hilean 12 milioi bisitari inguru– eta diru gehien mugitzen duenetakoa. Bertako katakonbak, elizak eta museoak bisitatzea ez da merkea –are gutxiago igogailua erabili behar izanez gero– eta negozio komertziala handia da: hala nola, liburu-dendak, oroigarri sakratuak edota enkargu bidezko bedeinkapenak, korreoz bidaltzen direnak. Saltoki pribatuek Vatikanoaren inguruan lortzen dituzten irabaziak ere ez dira nolanahikoak: liburuen eta oroigarri sakratuen kopia merkeagoak eskaintzen dituzte. Duela gutxira arte, adibidez, San Pedro pareko denda batean tela zati bat Joan Pablo II.aren hilobian igurtzitako erlikiatzat saltzen zuten. Vatikanoko bedeinkapenen birsalmenta ere ohiko bihurtu da zonaldeko merkatarien artean.

Euskal Herritik gertuago, bidaia erlijiosoek bereganatu duten arretaren beste adibide garbia daukagu: Lourdes. 15.300 biztanleko hiri honek 150 herrialdetako sei milioi lagun hartu ohi ditu urtean eta ostatu gehien eskaintzen duen Frantziako bigarren hiria da: 270 hotel eta 13 kanpaleku. Bernadette Soubirous gazteari 1858an amabirjina agertu zitzaion herriak 720 milioi euroko sarrera fakturatzen du urtero eta erromes bakoitzak batez beste 40 euro gastatzen ditu eguneko. Hori guztia kudeatzeko, turismo bulegoak urtean 840.000 euroko aurrekontua du.

Estitxu Maudes, gaixoekin boluntario

Estitxu Maudesek urtero egiten du bidaia Lourdesera eta negozioa badagoela dio, baina ez hainbeste santutegian bertan, inguruan baizik: “Herria da negozioa egiten duena, eta Lourdesen denda daukaten kanpoko asko eta asko dago. Souvenir denda pila daude, ‘Lourdes’ idatzia duten botila hutsekin edo amabirjinaren irudiekin, mota guztietako oroigarriak topa daitezke eta baita bitxi-dendak ere. Gainera, beste edozein herritan bezala, arropa dendak, jatetxeak, diskotekak… daude. Hotel kopuruak, horrek harritzen zaitu batik bat”.

Santutegiak eramaten duen dirua, aldiz, berau kontserbatzeko erabiltzen dela dio, eskaintza ez baita makala: 60 apaiz, monje eta moja; egunero 52 meza sei hizkuntzatan; eta 400 langile eta 100.000 boluntario gaixoen zerbitzura, eraikinen mantentze lanez gain. “Jendeak pentsatzen du ura eramateko ere dirua ordaindu behar dela, baina ez da hala –dio Maudesek–. Bakarrik baldin bazoaz ez duzu ezer ordaindu behar, instalazio guztiak doan ikus ditzakezu, mezara joan zaitezke edo botila batean nahi adina ur ekarri”. Maudesek, ordea, gaixo talde batekin bidaiatzen du eta ospitale modukoak diren bertako harrera zentroetan pasatzen dituzte egunak, diru truke.

32 urteko irundarra (Gipuzkoa) da Maudes eta elizbarrutiaren baitako Donostiako Lourdesko Amaren Abegi-onean boluntarioa da. Maiatz oro Lourdesera bidaia egitea da elkartearen zeregin nagusia, joan nahi duten gaixoak lagunduz. Berrogeita hamar urte baino gehiago daramatzate txangoa egiten, guztira Gipuzkoa osoko 100 gaixo gazte, 300 heldu inguru eta monitore andana. Hamabost bat autobus eta auto dezente behar izaten dituzte horretarako, euren kabuz antolatuta. Izan ere, touroperadore eta bidaia-agentziek ez dituzte normalean halako lekuetarako pack antolatuak eskaintzen, kopuru jakin batetik gorako taldea osatzen ez bada behintzat. Ohikoagoa da taldeak berak prestaturiko autobusetan-eta bidaiatzea. Beste kontu bat dira Vatikanoa, Jerusalem eta distantzia handira dauden guneak, abioia, hotela eta abar tartean egonda agentzientzako interesgarriak baitira.

Maudes eta gainontzeko erromesek lau egunez hiru basilikak bisitatzen dituzte, prozesioetan hartzen dute parte eta jolasean aritzen dira, gaixoentzako opor modukoak baitira. Berak dio ez zaiela gustatzen eurekin doazenei gaixo deitzea, erromes baizik. “Gu ez goaz hara inor sendatzera. Sendatuko denaren esperantzan doan jendea egongo da, baina nire inguruan ez dut halakorik ezagutzen. Ni fededuna naiz, baina taldean askok ez du sinesten eta hala ere hara joateko beharra sentitzen du, bake bila-edo…”.

Irungo boluntarioaren hitzetan, bada jendea Lourdesera modu guztiz turistikoan joaten dena: “Gozokiak erosten dituzte, basilikako iturrian ilara egiten dute ura hartzeko eta gaixoen prozesioak ikuskizuna bailiran jarraitzen dituzte, espaloitik”. Baina eurak lasaitasun bila doaz, giroan baikortasuna arnasten delako. “Egunerokoan dena da etxetik lanera eta lanetik etxera, asteburuetan betikoa egin, dirua xahutu… Nire ustez, horrek ez gaitu betetzen eta beste zerbaiten bila etortzen gara”.

Mari Karmen Uzkudun, xamanen artean

Beste zerbaiten bila abiatu ohi da baita ere, urtean behin gutxienez, Mari Karmen Uzkudun 47 urteko errezildarra (Gipuzkoa). Yoga irakasle honek kontatu duenez, aspaldi ateoa zen, guztiz eszeptikoa, baina duela zortzi urte hondoa jo eta orduan esnatu zen, bizitza beste era batera eramatea badagoela konturatuz. “Orain, niretzako bizitzaren erlijioa bakarra da: egia bilatzea, norberak bere barnean, kanpora azaleratzeko. Ez naiz inongo erlijiotakoa eta denetakoa naiz; pusketak hartu eta nire bidea landatzen joaten naiz, inongo sinesmenen inposaketarik onartu gabe. Indian edota Latinoamerikan erlijioa oso modu desberdinean bizi dute, baina denek gauza berera eramaten zaituzte: barne bake eta lasaitasuna lortzera”.

Motibazio espiritualek bultzatuta, Cristobal Jodorovski guru espirituala bere jarraitzaileekin elkartzen da urtero, munduko herrialde desberdinetan. Uzkudunek bi urte daramatza bidaia horietan parte hartzen: lehenengo Perun izan zen, iaz Venezuelan, eta aurten Mexikon eta Brasilen. Europa osoko jendea elkartu ohi da, energia kontuekin lan egiten duena. Aurten 40 bildu dira, 29 emakume eta 11 gizon; gazteenak 19 urte zituen eta zaharrenak 66. Hiru astez, goizean goiz jaiki eta eguna gorputza eta arima ‘garbitzen’ ematen dute, ur-jausietan meditatzen, edo bertako xamanarekin barne zamak onartzen eta ekintza sinbolikoen bidez liberatzen, besteak beste. “Xamanak arimaren medikuak dira: begietara begiratu eta zer zamarekin etorri zaren asmatzen dizute, zein nahigabe eta gaitz dituzun barruan, zer joan behar duzun askatzen… Gure zuhaitz genealogikoan inkontzienteki dakarzkigun zamak seme-alabei igortzen dizkiegu heziketaren bidez eta zama horiek hustea garrantzitsua da. Finean, zure burua maitatzen laguntzen dizute”.

Bidaia horien gastua ez da makala: hegazkina 1.000 euro ingurugatik lortzen dute eta leku batetik besterako joan-etorriak, xamanak, hotelak eta abar gehituta, kostea 3.000 euro ingurukoa da azkenean. Halere, “hain da handia jasotzen duzuna, zure buruari egiten diozun mesedea, merezi duela”, dio errezildarrak. Bere esanetan, bidaiek barne bakea lortzen laguntzen diote, bere burua ulertzen eta maitatzen. Iaz, trantzean sartu zen lehen aldiz, eta esperientzia berdingabea izan zuen: “Energia hutsa sentitzen duzu, ez adimen ez emoziorik, energia %100ean; argitasun eta bake izugarria duzu, eta gorputza dardarka”. Buelta gogorragoa izan ohi da, eguneroko bizitzan hango sentsazio, lasaitasun eta argitasunik ez dugulako. “Yogako saioetara etortzen den jendearen artean ikusten dut: zenbat nahigabetu dagoen, zenbat antsietate, zenbat beldur, zer nolako zailtasunak gure sentimenduak besteen aurrean adierazteko…”.

Euskal rankinga

Espiritualtasunaren bidea egiteko, ordea, beti ez dago hain urrutira joan beharrik. Euskal Herrian bertan adibide garbiak ditugu. Done Jakue bidea da, ziurrenik, ezagunena: urtero milioika lagunek erromesaldiari ekiten diote, horrek ibilbideko herriei ekartzen dien onura ekonomikoarekin. Santiago Apostoluaren eguna, uztailaren 25a, igandea bada, Done Jakueren Urtea deitzen zaio –mende batean 14 bat aldiz– eta horietan erromesen kopurua are handiagoa izan ohi da.

Santutegien kasuan, hiru dira ospetsuenak: Xabier (Nafarroa), Loiola eta Arantzazu (Gipuzkoan biak). Hirurek bisita andana erakartzen dituzte eta turismo hori inguruko herri eta eraikin erlijiosoetara bideratzeko baliatzen dira. Hala, Xabierko gaztelua ezagutu ondoren Leireko monasteriora joaten dira asko, eta Inaziotar Lurraldea programaren baitan, Arantzazu, Antio eta Loiolako santutegietarako txangoak eskaintzen dira. Xabierko gazteluaren eta Loiolako basilikaren arteko lotura indartu nahi dutela ere azaldu du Jose Luis Cincunegui Xabierko santutegiko arduradunak: “Iñigok eta Frantziskok harreman estua izan zuten Parisko Sorbonan ikasle zirela elkar ezagutu zutenetik, eta euren jaioterrietara bisita bateratuak koordinatu nahi ditugu”.

Ekonomikoki, dena den, turismoak irabazi handirik ez diela ekartzen ziurtatu dute gune erlijiosoetako arduradunek. 2 euro kobratzen dituzte Xabierren, gazteei 1 eta 1,5 taldean joanez gero. “Lehen ez genuen kobratzen –dio Cincuneguik–, baina eraikina mantentzeko, zaintzeko eta berrikuntzak ordaintzeko beharrezkoa dela ikusi dugu”. Loiolako santutegian ere 2 euro kobratzen dituzte. “Hala ere –argitu du Ainhoa Vila santutegiko turismo arduradunak–, adibidez atzo gertatu bezala Indiako parrokietatik berrogeita hamar pertsona iristen badira, handik etortzeko ordaindu dutenarekin, ez diegu kobratzen. Dirua ez da irabazietarako, inbertsioak amortizatzeko baizik”. Arantzazun, frantziskotarrek gidatzen zuten bisita lehen; egun, Debagoieneko Turismoa arduratzen da lan horretaz eta prezioak besteen antzerakoak dira: 2 euro bakarka joanez gero eta 1,5 hamarreko taldeentzat.

Karlos Corral eta gogo-jardunen deia

Ohiko bisita turistikoaz gain, gogo-jardunetan parte hartzeko aukera ematen dute leku hauek. Bertako gogartetxeetan, programa oso malguak dituzte urte osoan zehar, fededun nahiz laikoentzat: erretiroak, bake egunak, gogo-jardun katolikoak, erlijio sufi edo islamdarreko jardunaldiak, guretzako exotikoak diren Ekialdeko filosofiekin lotuta dauden asteburuak…

Karlos Corral getxoztarrak (Bizkaia) 69 urte ditu eta hemezortzi urte daramatza Loiolako gogo-jardunetara joaten. 200 bat euroren truke, aste erdia igarotzen du Aste Santuan, beste 40-45 lagunekin; 50 urtetik gorakoak gehienak. 8:00ak aldera esnatu ohi dira, 9:00etan lehen otoitz unea da, gosaldu eta 10:00etan bilera ordua dute. “Gida espiritualak hausnarketa gakoak ematen dizkigu, oinarriak, eta hortik aurrera gu geu gara gure zamarekin bidea bilatu behar dugunak, erosotasun eta isiltasunean”, dio Corralek. 12:00ak aldera bigarren elkarretaratzea egiten dute, 13:30ean bazkaria, 16:30ean ekitaldiren bat basilikan, askaltze arina, hausnarketa beranduago eta ordu santuren baten edo via crucis-en baten ostean, afaldu eta deskantsatzera. Irakurketarik, musikarik edo horrelakorik ez da eramaten, kanpoko guztia albo batera uztea gomendatzen baita. Corralen kasuan, Jainkoarekin aurkitzea du helburu, “baina oso jardun pertsonalak dira eta bakoitzak gauza desberdinak bilatuko ditu”.

Azken finean, Turismoreligioso.info webguneko arduradun Francisco Canalsek argi du: hainbat ez dago gustura kapitalismoaren eta hipoteken munduarekin; “gizartearen zati handi bat frustratua dago, ez dago pozik bere lanarekin, eta yoga, filosofia, espiritualtasun… ikastaroak areagotu egin dira. Jendea prest dago dena utzi eta zerbaiten bila munduko edozein lekutara joateko”. Eta hala den bitartean, erlijioaren amuak itsasoko izokin galduak arrantzatzen jarraituko du.

- Ikusi Uzkudunek Venezuelara egindako bidaia espiritualaren diaporama.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erlijioa
Zamorako apaiz kartzelako ihesa Santiago Carrillo buruzagi komunistak zapuztu zuen, lekuko baten arabera

1971n hainbat euskal abadek Zamorako espetxe hartatik ihes egiteko plana bertan behera geratu zen, poliziek tunela deskubritu ondoren. Nicanor Acosta abade-ohi komunistak Apaiz Kartzela dokumentaleko egileei elkarrizketa batean esan zien Santiago Carrillo izan zela salatzailea:... [+]


Ikastetxe segregatzaile bat sortzeko lanean ari dira Nafarroako Opus Deiko familia batzuk

Miravalles-Redin eta Irabia-Izaga ikastetxetako ikasleen guraso talde batek Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduarekin hitz egin du ikastetxe pribatua sortzeko prozedura ezagutzeko.


2024-03-08 | ARGIA
Espainiako Eliza Katolikoak 1.000tik gora pederastia kasu aitortu ditu

Espainiako Eliza Katolikoak onartu du adingabeei egindako 1.057 sexu-gehiegikeria gertatu direla Elizan. Urteetan abusuak gertatu izana ukatu du edo kasuei garrantzia kendu die. Duela gutxira arte, Espainian salaketa gutxi zeudela edo salaketarik ez zegoela defendatu du Elizak... [+]


Bilboko hilerriak komunitate musulmaneko 2.160 lagun lurperatzeko gunea prestatu du

Bizkaian bizi diren komunitateko kide guztientzat izango da, beste udalerri batzuetako kanposantuek lekurik ez dutela aurreikusita. 


Eguneraketa berriak daude