argia.eus
INPRIMATU
Epeletik datorrela!
  • Ohituta daude landareak naturan bizi duten eta bizia duten etengabeko gudara, kaos sortzailera, alegia. Edozein arrazoi egokia da toki batetik alde egin eta beste batera bizitzera joateko: gaitz hiltzaile baten erasoa, landare indartsuago bat aldameneratzea, klima okertzea... Bizimodu honek baldintza berrietara egokitutako espeziearen aldagaiak sustatzen ditu, hau da aniztasuna.
Jakoba Errekondo 2007ko abenduaren 18a
Geure espeziean ez bezala, atzerakoienak atzean geratu eta atzera ondoen egokitu direnek, berrienek iraungo dute, biziko dira. Guk, espeziearen banako bakoitzaren heriotzaren kontzientzia-zamak itota, berrikuntza dakarrena sustatu baino zaharrari eutsi nahiago. Espeziea baino garrantzitsuagoa dugu geure burua. Edozein espezie sozialaren galera da hori, emeak agindu beharrean arrak, arrak bere duen jabego pribatua, ondarea hobesten dugulako. Jabegoak lur batera lotuta bizitzea dakar eta lurra aldatu egiten da. Klima aldaketaren honekin harantzago.

Ez dator samurra nekazaritzan. Sortzen ditugun gai gehienak espezie bateko barietate jakin bati estu kateatuta daude, eta zenbat eta kalitate edo balore erantsi handiagoko produktua izan orduan eta gehiago. Ardoan eta gehiago, adibidez: ardo eta txakolinak mahats barietate gutxi batzuetatik sortzen ditugu, aparteko lekuetan non lurzoruak eta mikroklimak ezaugarri bereziak dituzten. Ardoari tiraka –urtekoa eta mikatza mesedez– milaka urtetan egokitu arazi dugun barietateak urte gutxi batzuetan klima aldaketa latzak nozituko ditu. Latz horiek eramanezinak izan daitezke ardoarentzat, bera deskribatzeko enologoak arra bete paper behar duen ardo horren azkena, alegia.

Ardo-txanponaren emana joria den paradisu berrietan, Australian, Txilen, Hegoafrikan, Zeelanda Berrian... izututa daude, dar-dar batean. Mahatsari eutsi ahal izateko urtetako lana abiarazi nahi dute: gaitz eta izurriteen jokamoldeak, uzta sasoiak, lurzoruaren gorabeherak, mahatsaren ezaugarri fisikoak eta kimikoak, muztioaren joerak, ardoaren aho sabaia... Ahal den guztia aurreikusi nahi dute. Ondarea, beraiena, galtzen ez badute galduko dituena jokoan dute. Dar-dar. Geurean? Atera baso-erdi bat!