«Diskoa esku artean izanda lasaitasuna sentitu dut»

  • Duela bi urte ezagutu genuen, bere lehen disko laburraren harira. Oraingoan, Jone 21 urteko kantari anoetarrak (Gipuzkoa), Kateak dakarkigu, hamaika abestiz osatutako lan berria. Berriro ere, Bonberenea Ekintzak zigiluak eman dio horretarako aukera eta Karlos Osinaga “Txap” aritu da teknikari lanetan.
Jone
Jone abeslariaIñigo Azkona

Diskoa kaleratu berri duzu, noiz sartu zineten grabazio estudioan?


Apirilean sartu ginen, Aste Santuan. Orduz geroztik beste bi saio ere egin genituen: maiatzean eta ekainean. Nirekin batera grabazio lanetan aritu dira Karlos Aranzegi eta Iñigo Arruti, baterian; Joni Ubeda, baxuan; eta Imanol Goikoetxea, gitarran.

Aurreko lanak sei kanta zituen. Orduan esan zenuen grabaketa eramangarria egin zitzaizula. Zer moduzkoa izan da oraingoa, kontuan edukita abesti kopurua ia bikoitza dela?


Alde horretatik aldaketa nahiko handia izan da. Aurreko lanean sei kanta ziren baina bat lehendik grabatua zegoen, Martxaundi Tolosaldeko taldeen disko bildumarako. Beraz, estudioan bost abesti grabatu genituen. Hori astebetean izan zen, nahiko azkar. Oraingoan berriz, hamaika dira, horrek dakartzan estudioko orduekin. Hor dago, batez ere, disko honetako ezberdintasuna, abesti kopurua igo egin da eta horrek lan gehiago eskatzen du.

Zergatik Kateak izena?


Kateak hitzak indarra eta esanahia du. Modu abstraktu batean esanda, diskoa osatzen duten hamaika kantuek lotura dute kateekin. Harremanez, estutzen gaituzten loturez, gustuko ditugunez, puskatzen direnez... hitz egiten dut.

Diskoa esku artean izanda, zer iruditzen zaizu?


Hori entzuleak esan beharko du. Ni oso gustura geratu naiz egindako lanarekin eta behin diskoa eskuetan izanda lasaitasuna ere sentitu dut, hainbeste denboraz horrekin aritu ondoren fruitua heldu delako. Sentsazioa oso ona da.

Aspalditik idazten dituzu abestiak. Lan honetakoak ere zeureak al dira?


Atertu kantako hitzak Juanjo Olasagarre idazlearenak dira eta doinua Imanol Ubedarena. Kantu hori salbu, besteak neuk idatziak dira.

Zer agertzen duzu hitzetan?


Kanta bat idazterakoan momentuari begiratzen diot, batez ere; une horretan ikusi, sentitu, pentsatu edo kontatu nahi dudanari. Horretaz hitz egiten dut. Horregatik kantetan askotan agertzen dira pertsonak, askatasuna, maitasuna... sentimendu ezberdinak.

Abesti batean esaten duzu “Orriak biluz-biluzik parean arkatza atzamar biren artean. Ohe egin gabearen gainean kantu bat hainbat hitz xume zuretzat”. Horrela irudikatu behar al zaitugu kantak sortzean?


Ez, gitarra akustikoarekin sortzen ditut baina ez irudi horrek markatzen duen bezala. Etxean, gitarra akustikoa hartu eta pixkanaka melodia eta musika sortzen ditut. Batzuetan, sortu eta grabatu egiten dut. Baliteke hurrengo egunean ez gustatzea eta aldatzea. Edo gerta liteke denboraldi batez baztertuta uztea eta gero berriro hartzea. Azkenik, soinuari esanahia emateko hitzak jartzen dizkiot.

Berriro ere, Bonberenea Ekintzakekin grabatu duzu. Zer esan nahi du, musikaren egoera ikusita, Bonberenea bezalako zigilu baten babesa izateak?


Aitortu behar dut izugarrizko zortea izan dudala Bonberenea bezalako talde edo gaztetxe batekin lanean aritzean. Lehendik ere hasita nengoen gauza txikiak egiten baina beraiek beste pauso txiki asko ematen lagundu didate. Horrelako figura bat egotea oso ona da musikari hasiberrientzat. Izan ere, gaur egun musikan aritzea ez da gauza erraza. Oro har, beraien lana aipagarria da egungo egoeran.

Jada hasia zara kontzertuak eskaintzen. Noren laguntza duzu taula gainean?


Zuzenekoetan Imanol Goikoetxea, gitarran; Iñaki Larrea, baterian; Beñat Let, baxuan; eta ni arituko gara. Baliteke nonbait akustikoren bat eskaintzea bakarka baina normalean laukotean ibiliko gara.

Bigarren diskoa duzu eskuartean, aurkezpen kontzertuetan zabiltza... Hori baino urrunago begiratzen al duzu?


Orain ez dut etorkizunean gehiegi pentsatzen. Denbora gutxi igaro da diskoa kaleratu zenetik eta zuzenekoen fasean gabiltza. Helburua Kateak lana leku ezberdinetan aurkeztea da. Gero zer etorriko den auskalo. Kantuak sortzen nabilen bitartean eta gustura nagoen artean horretan jarraitu nahiko nuke, era batera ez bada bestera. Etorkizuna etorriko da. Garrantzitsuena orainaldia ongi bizitzea, aprobetxatzea eta ahalik eta gehien disfrutatzea da.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude