Pentsamendu askatasunaren ilegalizazioa

  • EAE-ANV legez kanpo uzteko erabili daitezkeen bide desberdinez luze hitz egin da azken asteetan. Martxoko Espainiako hauteskunde orokorretarako gauzatutzat ematen da jada eta jardun politikoaren –Garzon bidea– edo hauteskundeetan zerrenden inpugnaziotik etorriko ote den eztabaidatzen da batez ere. Gobernuak Estatuko fiskala ere xaxa dezake, auzitegietan ilegalizazio bideari ekiteko, baina aurrez aipatutako lehen bi bideak hobesten ei ditu Espainiako Gobernuak, laburragoak eta samurragoak direlakoan. Hiru hilabete besterik ez da falta Espainiako hauteskunde orokorretarako, eta egoerak asko aldatu beharko du aipatzen den eszenatoki hori desegin dadin.
Antxon Blanco eta Kepa Bereziartua
ANV alderdi politikoko buruzagi Antxon Blanco eta Kepa BereziartuaMarisol Ramirez
Bake prozesua hondoratu eta ETAk bere jardun armatuari ekin ondoren, denbora kontua besterik ez zen bake prozesuaren aurreko egoerara itzultzearena. Dena azkar gertatzen ari da, oso azkar, eraikitzea baino desegitea askoz samurragoa dela argi eta garbi frogatuz.

Juridikoki, ETAren atentatuen gaitzespen ezak babesten ditu ilegalizazioak. Politikoki ENAMeko edozelako egiturarekiko partaidetza edo sostengu maila agertzea nahiko da Estatuaren enbata jasotzeko. Estatuari armaz oldartzeak zer dakarren ez da inon zalantzan jartzen, etakideek ere badakite hautuaren prezioa. Erakunde armatuak bere jardun deliktiboa –kode penalean arautua– aurrera eramateko laguntza emateak dakarrena ere ezaguna da eta onartua. Zuzenbide estatuan, dena den, onartezina da adostasun ideologikoa delitu bihurtzea. Edota ideia berdintsuen aldeko borroka molde desberdinak, borroka armatuarekin parekatu eta, beraz, haren moldera zigortzea.

Edonork imagina dezake HB, Batasuna, EHAK edo ANVren boto emailerik gabe ETAk jai lukeela. Nagusiki bi arrazoik mantentzen dute ETA bizirik: batetik, borroka armatuan jarduteko prest diren pertsonak dira; bestetik, euskal herritarren ehuneko esanguratsua bat dator haren ideario politikoaren muinarekin eta, hainbat modutan, ideario horren alde egiteko prest agertzen delako. Eta hor dago koska, ETAren ideario politikoarekin ados egon eta ideario politiko horren alde lan –politikoa, soziala, kulturala...– egiteko prestutasuna ezin dela zigortu zuzenbide estatuan. Hori egiteak abertzaletasunaren esparru osoa kriminaliza dezake, PPk bere garaian egindakoak erakusten duen moduan. Eta hartutako jardun moldearekin PSOE ez dago PPren eredutik oso urruti.

Ezker abertzalearen mundu zabalean asko dira ados ez datozenak ETAren jardun armatuarekin, baina hori ez da nahiko arrazoi Batasuna edo ANVri botoa ez emateko. Indar handiagoa du ANVren –edo HBren, edo Batasunaren, edo...– erresistentzia jarrerak, presoen munduarekiko lotura sentimentalak, edo besterik gabe bere jarrera politiko tinkoak. Eta, arrazoiak arrazoi, botoemaileak eskubidea du ANVren aldeko hautua egiteko, honek zeharka ETA mesedetzen badu ere. Hau da, hain zuzen ere, abertzaletasunaren esparru askotatik, Josu Jon Imazi kritikatzen zitzaiona, honek galdeketarik ez egitea proposatzen zuenean, horrek ETAri mesede egin diezaiokeelako.

Herritar edo erakunde batek ETAren jarduna ez gaitzesteko eskubidea izan behar du, bai haren jardunarekin ados datorrelako edo bai, mila arrazoi medio, gaitzespenaren joko horretan sartu nahi ez duelako, ETAren jardun armatuaren aurka izanda ere. Arbuio politiko-soziala jaso daiteke horregatik, ez apartheidik, eta are gutxiago zigor administratibo edo penalik. Komisaldegietako torturatzaileak espetxe zigorra merezi du, torturatzearen alde dagoen herritarrak nahi den arbuio maila mereziko du, baina ez zigor judizialik. Bata zein bestea onartzeak pentsamendu askatasuna erasotzea eta zigortzea dakar, edozein sistema demokratikoren muina alegia. Pentsamendu askatasuna ezin da zigortu, honek maltzurkeriarik handiena badakar ere.

18/98 auziko espetxeratzeak salatzeko ordubeteko lanuzte deialdia dago ostegunerako eta, berriz ere, logikatik at egiten da deialdia. Ez horretarako arrazoi nahikorik ez dagoelako, baizik eta indar bilketaren esparruan berriz ere huts egin delako. Erru kontuetan sakondu barik, argi da berez ere gaitza den erronka are eta zailago dela ELA moduko sindikatu batek deialdiarekin bat egiten ez badu. Jarduera batasuna ezberdintasunean, horra hor arrakastarako bide bakarra.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: 18/98 sumarioa
Jabier Salutregi hil da, 'Egin' zuzentzeagatik preso izan zuten kazetaria

1998ra arte izan zen zuzendaria Egin egunkarian, Baltasar Garzonek ixteko agindua eman zuen arte. Zazpi urteko espetxealdia bete zuen Burgosko kartzelan, 2015 aske geratu zen. 73 urterekin hil da Donostiako bere etxean, azken hilabeteetan pairatu duen gaixotasun baten ondorioz.


2023-02-14 | Estitxu Eizagirre
Nekane Txapartegi Nievek lortu du 1999an bere aurka hasitako epaiketa politikoa eta jazarpena ixtea

Gaur, otsailak 14, izan da Auzitegi Nazionalaren Zigor arloko Aretoan, bere abokatu Iñigo Iruinekin batera. 1999an 18/98 makroepaiketaren barruan atxilotua eta torturatua izan zen, eta gaur eman dio amaiera epaiketa politiko hari: Suitzan bi karnet faltsu edukitzeagatik... [+]


2021-03-09 | ARGIA
Pepe Rei hil da, ikerketa kazetaritzaren erreferentea Euskal Herrian

Pepe Rei kazetaria 73 urterekin hil da, astearte honetan, Donostian. Egin egunkariko ikerketa taldea martxan jarri eta Ardi Beltza aldizkaria sortu zuen, besteak beste. Euskal Herriko eta Espainiako estolderia politikoez, gerra zikinak ustelkeriarekin eta narkotrafikoarekin zuen... [+]


2019-11-19 | Estitxu Eizagirre
Txapartegi extradita ez dezaten eskatuz elkarretaratzea deitu dute azaroaren 20an Asteasun

Azaroaren 16an zabaldu zuen Txapartegiren abokatuak sare sozialetan albistea, Espainiako Gobernuak Txapartegi atxilotzeko nazioarteko eskaera egina duela. Geroztik hainbat mobilizazio egin dira: 16an bertan Zurichen 150 lagun atera ziren kalera eta azaroaren 18 eguerdian Bernako... [+]


2019-07-15 | ARGIA
21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik

Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.


Eguneraketa berriak daude