Bakoitzari omen dagokio bere hautua. Zer da zuretzat Jainkoa?
Errealitatearen edo biziaren bihotzean konfiantza, ontasuna, arnasa eragiten duena da niretzat Jainkoa, izen horrekin edo izen hori gabe; beldurra, kaltea, larria eragiten duena ez da Jainko, ezta Bibliaren dogmaren izenez jantzita ere.
Zer dela-eta eskatu diezu euskal idazleei beren iritzia?
Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultatean ikerketa bat abiatu nahi genuen: zertan ote den gaur Jainkoaren auzia. Eta nik zer proposatuko nenbilela otu zitzaidan: zergatik ez gaurko euskal idazleei Jainkoaz galdetu? Atrebentzia zen, baina ez naiz damu. Jainkoaz galdezka larre joria gertatu zait niri, benetako pagotxa askotan. Galbahe xeheko irina ia dena.
Galdetu zenien guztiek erantzun al dizute?
Ez. Idazle on asko falta dira hor, nahiz eta nor den ona eta nor ez erabakitzea ez izan arazo samurra, Jainkoaren arazoa baino samurragoa izanik ere. Batzuek, nik eskatu eta beraiek nahi izan arren, ezin izan dute. Beste batzuengana iristeko biderik ez dut aurkitu, edo beraien gogoa pizten ez dut asmatu. Beste batzuengana, berriz, ez dut jo neure ezjakintasunagatik, eta horretaz bai naizela damu.
Arazo honetan, zer da funtsezkoena zeuretzat?
Ez da funtsezkoa Jainkoa badela edo ez dela esatea, Jainkoarengan sinesten dugun edo ez. Zer da funtsezkoa? Munduaren edertasunarekin hunkitzea, izakien oinazearekin kupitzea, hitzaren hondo isilean hondoratzea, errealitatearen barne ozenari eta zure izenari adi egotea. Besteen ondoan arnasa hondotik hartzea.