Imanol Urbieta musikagile eta musika irakasleak jaso du 2007ko Anton Abbadia saria. Musikako maisu guztiak izan zituen gogoan Urbietak Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiko aretoan egindako ekitaldian, baita ezagutu dituen haur guztiak ere: “Haiek izan dira nire inspirazioaren iturri”.
Azkena Rock jaialdia aurrerantzean ere Gasteizen egingo dela baieztatu du Last Tour International enpresak. Erakunde publikoek emango duten laguntzari esker lortuko dute jaialdia Gasteizen egitea: Udalak 270.000 euro jarriko ditu, Arabako Foru Aldundiak 165.000 euro eta Vital Kutxak 65.000 euro.
Ataramiñe kultur elkarteak hainbat euskal preso eta iheslarik idatzi dituzten poemez osatutako Ataramiñe kantuz diskoa kaleratu du. Hamaika poema horiekin eginiko abestiak 40 musikarik egin dituzte. Euren artean dira, besteak beste, Alex Sardui, Enrique Villarreal Drogas, Francis Diez, Iñigo Muguruza eta Xabier Silveira bertsolaria. Diskoaz gain, euskal preso eta iheslariek idatzitako literatur lanak bildu dituen Ataramiñe07 liburua ere plazaratu dute. Poemak, ipuinak, gutunak eta narrazioak aurki daitezke bertan.