argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian ere bada pobrezia
  • Pobrezia ez da existitzen soilik hirugarren munduan. Ia topikoa dirudi Euskal Herrian ongi bizi garela entzuteak. Errealitateak, aldiz, argi erakusten du denak ez direla hain ondo bizi. Euskal Herrian ere bada pobreziarik, hazkunde ekonomikoa %4 ingurukoa badu ere. Badira pobrezia eta bazterkeria guneak gure inguruan. Hori ziurtatzen duten datuak agertu dira: 60.000 bat euskal herritar gure herrialdean dauden bost elikagai-bankuei esker –Araba, Lapurdi, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian– bizi dira.
Juan Mari Arregi 2007ko abenduaren 10a
Juan Mari Arregi
Juan Mari Arregi analista sozioekonomikoaDani Blanco
Gezurra badirudi ere, egia da. Familia euskaldun asko pobreziaren mugan bizi dira eta askotan euren txirotasun egoera larria ezkutatu egiten dute euren ingurune sozialean. “Laugarren mundua” izena hartu duen sektorea gero eta gehiago hazten ari da etorkin-saldoen ondorioz. 2006. urtean, bost bankuok sei mila tona elikagai banatu zituzten. Bizkaiko eta Nafarroa Garaiko bankuak dira elikagai gehien banatu dituztenak. Lurralde nafarrean ia bi milioi kilo elikagai sailkatu ziren eta ia 25.500 jasotzaile zenbatu ziren. Bizkaian 1.900 tona banatu ziren 17.000 onuradunen artean.

Ezin ahantz genezake ofizialki EAEn 33.824 familiak Administrazioaren oinarrizko errenta jasotzen dutela. Oinarrizko errenta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino %12 txikiagoa da (557 euro), eta Nafarroako kasuan %20 txikiagoa. Gogoan izan beharra dago Espainiako Estatuaren Lanbide arteko Gutxieneko Soldata Europako Batasuneko bataz bestekoaren azpitik dagoela, zehazki, %40 txikiagoa da. Egia da inmigrazioa asko hazi dela, egun 120.000 pertsonako kopurura iritsi baita Hego Euskal Herrian, eta sektore horrek oinarrizko errentaren parte bat jasotzen du.

Bitartean, euskal politikaren baitan, batik bat enpresei zergak murriztearen aldeko borroka ageri da. Auziak horretan dirau Gipuzkoan. Batzuek %30eko beherapena nahi dute, besteek harago joan nahi dute, %24koa izan dadin. Administrazio bakoitzaren aurrekontuetan Lanbide arteko Gutxieneko Soldata ahalik eta gehien mugatu nahia ageri da, gizarte-prestazioen kasuan bezala. Lakuak 632 milioi barkatu dizkie enpresariei Elkarteen Zergan, oinarrizko errentari eskaintzen dionaren bikoitza; Nafarroak, beste 250 milioi. Lakuak urtero, kupo bidez, gure zergetatik irteten diren 1.805 milioi euro bideratzen ditu administrazioetako gastu militarrera. Langileen soldatak gehienez %3 hazi diren bitartean, enpresarien onurak izugarri handitzen ari dira.

Guztia politika ekonomiko eta fiskal neoliberalaren edo kapitalistaren errua da, aberatsei eta enpresariei mesede egiten baitie, iruzurra ahalbidetzen baitu, pobrezia eta bazterkeria guneak sorrarazten baititu eta langileei ezartzen baitie zama fiskalaren zatirik handiena. Nomina duenak ezin die ihes egin betekizun fiskalei. Administrazioek badakite nondik dabilen iruzurra eta batzuetan ematen du beste aldera begiratzen dutela. Euren soldata aski oparoak handitzeko ados jartzen diren politikariek zintzotasunez, ziurtasunez, sendotasunez eta ausardiaz erantzun beharko liokete gure ondoan bizi diren hirurogei mila euskal hiritarren pobrezia egoerari.