Xabier Kintana euskaltzainak Berrian esanak: "Informazioa, kultura eta dibertsioaz gainera, beste zeregin garrantzitsu bat ere badauka EITBk bere gainean: hizkuntzaren modeloa zaindu eta ikus-entzuleentzako eredu imitagarria izatea, eta hori, noski, ez da lortzen etengabeki forma idatzi zuzenak (oraindik ikusle askok nolakoak diren ez dakitenak) baztertu eta sirimiri, earki gatxik edo noaoa bezalako txokokeria aberranteak bultzatuz".
Josu Amezaga irakasleak Berrian esanak: "Azken 25 urtean ETB1en gain utzi da telebistaren bidez euskara biziberritzearen ardura osoa. Euskarazko kanal bakarra izanik, euskaldun guztion gustu eta premiak ase behar izatea gutxi ez (non lortu du, mundu osoan, kanal bakar batek bere komunitate osoa asebetetzea?), eta umeak euskararako irabaztea, erdal etxeetara euskararen doinua sartzeko bide izatea (kirolaren bidez), euskarari prestigioa ematea eta gehiago eskatu diogu. Helburu gehiegi jarri zaio honezkero ETB1i, eta guztiei ezin helduta ari da jadanik".
Anton Bilbaok Tirakan esanak: "Noizko ETB2-ko edo Radio Euskadi-ko esatari erdaldunentzat euskarazko izenak eta leloak aipatu behar dituztenerako jarraibide liburua? (...) Radio Euskadiko esatari batzuk dauzkat buruan, eta Euskadi Gazteako Salgai saioko esatari bat edo beste ere bai,... are okerragoa dena. (...) Irrati kate erdaldun guztiei adi-adi jarrita ere, ez dut aurkitu horren pareko adibiderik. Esan nahi dut, ez dut aurkitu kate erdaldunetan, Radio Euskadin hasi eta COPEn buka, gaztelaniaz negargarri egiten duen esataririk. Nahita ez, behintzat".