1970eko hamarkadako rock klasikoenaren oihartzunak dituzue, baina gaur egungoak eta freskoak ere bazarete…
Eragin handiak dauzkagu 70eko hamarkadan, batez ere AC-DCren lehen diskoak garai horretakoak dira-eta. Hala ere, espero dugu diskoa gaur egungoa izatea, gu gaur egungoak baikara. Musika barnean daukaguna erakusteko bide bat da; eta barnekoa gaur egungoa da.
“Gaur ez naiz ezer, emaidazu izatea”. Musika munduan ia guztia asmatuta dagoen honetan, talde bakoitzak bere nortasuna landu behar du. Hori al da zuen helburuetako bat?
Iruditzen zait nortasuna ez dela lantzen, ez musikan ez bizitzan, eta nortasun-lantze horren kontra doa abesti hau. Gu egin nahi dugun musika egiten saiatzen gara, estilo, mota edo zer mugimenduri lotuta dagoen pentsatu gabe. Egiten dugun horrek ematen digu gure nortasuna.
Garapen eta aldaketa handiko kantuak dituzue. Abestietatik tira eta gorputzak eskatzen dizuenera arte ekiten diozue?
Guk musika sinpleagoa egin nahi genuke, baina ez dugu lortzen. Talde handienetakoen kalitatea hori da, musika ona egin, gauzak konplikatu gabe… Ez daukagu zorte hori.
Iturri askotatik edaten duzue: hard-rocka, post-hardcorea, post-rocka, gauza esperimentalagoak… Ez duzue mugarik jarri nahi?
Gure musika propioa egiten saiatzen gara, baina bistan da gure eraginak ezin ditugula ezkutatu eta onartu dugu hauek aldarrikatzea noizbehinka. Hala ere, ez dugu mugarik jarri nahi. Gure helburu bakarra da jendeak plazera hartzea gure kontzertuetan, edonork gozatzea.
Zer du Hegoaldeko rockak Iparraldekotik inbidiatzeko? Beti alderantziz dela dirudi…
Nahi nuke, baina zaletasunak ez dira hitzekin sortzen ekintzekin baino. Hala ere, ez gara oposaketa horren alde. Ez diogu garrantzirik ematen horri, nahiz eta jakin gutxi gustatzen zaigun exotismo horri esker ari garela gure buruak ezagutzera ematen.