argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2013ko maiatzaren 06a

Joan Mari Torrealdaik El Diario Vascon: "Bi milaren bueltan dabil urtero titulu kopuru orokorra; berrargitarapena %25 izaten da, eta itzulpena beste hainbeste (...) Bada alderdi negatibo bat: oso kontsumo partziala dugu (...) Tiradak behera doaz sistematikoki, baina ez hemen bakarrik. Gertatzen dena gurean hori arriskutsuagoa dela. Espainolez mila ale galdu eta euskaraz ehun, seguru asko gure kasuan askoz arriskutsuagoa da. Zergatik? Errentagarritasunaren atarian gaudelako (...) Espainiako Estatu mailan, titulu askok edizio bat bakarra dute, ateratzen dira, bi aste egiten dute dendan eta berriro argitaletxera itzultzen dira. Gure tituluek gehiago irauten dute, denden militantismoagatik".

 

Pantxoa Bergara ‘Xabaltx’ musikariak Berrian: "Ez naiz eskema batzuetan sartzen! Baina ez da ikusminik programatzaileen partetik! Jendea alferra da! Eta irrati programatzaileek ere ez dute beraien lana egiten! Barkatu, baina horrela da! Bereziki Ipar Euskal Herriari begira! Ez baldin bada Xalbadorren gauza bat, Mattinena, ez baldin bada Peio eta Pantxoa, ala Pierpol Berzaiz, ez dira interesatzen! Eta erdiak hilak dira! Zer lotsa, zer ahalkea! Sorkuntza, gazteak laguntzea, bultzatzea... Ez du nehork indar hori egiten! Iparraldean, urtero gorpu zaharrak errautsetatik kentzen dituzte, Olentzeroren kantua berriz mixatuz... Horrela da kultura bat biziarazten".

 
 

Oscar Terol aktore eta umoregileak Garan: "Antzerkia gustatzen zait zeremonia moduko bat delako eta antzerkian bakarrik gertatzen diren egoerak eta emozioak bizitzen direlako. Erdi Aroko kutsu hori du, pertsona talde bat zure inguruan biltzen da zu eszenatoki gainean ikusteko. Nire ustez, gizateriaren ondare izendatu beharko lukete".

 

Ramon Tatiegi eta Esther Moyua Hontza liburu-dendako nagusiek Irutxuloko Hitzan: "Liburu-denda kate handiak dira oraingo joera, eta gero eta gutxiago dira denda independenteak. Gu korrontearen kontra gabiltza, baina oraindik badago zirrikitu bat guretzat.".