argia.eus
INPRIMATU
69
  • Izarak zikintzeko bideak erakutsi dizkidazue, lagunak. Hamaika. Zein baino zein bitxiago. Dardara batean jarri dira etxeko maindireak, sexu-eskolako sermoi heze horiek direla-eta. Esku bakarrez irakurtzekotan izan naiz, zuen artikulu labaingarri horiek.
Jose Inazio Basterretxea 2007ko abenduaren 10a
Jose Inazio Basterretxea
Jose Inazio Basterretxea EHUko irakasleaAol
Aztoratu egin naute irrumatio trans-abertzaleak eta mormoratio makro-dialektikoak. Imajina ezin nitzakeen malabarismo sexual eta politikoak proposatzen zizkidaten-eta.

Bat-batean gogoratu zait ezen politika eta erotismoa oso hurbilekoak direla. Kama-Sutra bildumak behinola aldarrikatu zuenez: “Liskar batekin alderatu daitezke sexu harremanak, maitasun-kontuek istilu eta lehia bilakatzeko duten erraztasunagatik”.

* * *

Euskadiko autonomia-erkidego honetan egin berri duten inkestaren arabera, gazteek ez dute politika oso modu aktiboan bizi. Ez dira, bada, oso liskartsuak izango, ez eta grinatsuak ere. Politika-harremanetan.

Oro har, gazteen aburuz, txarrak dira parajeotan dauzkagun politikariak. Horien arteko ezagunenei nota ebaluatzailea jartzerakoan, suspentsoaren aldeko hautua egiten dute gehienek… Nafarroan eta Iparraldean antzerako datuekin ibiliko zarete.

Horixe besterik ez dira inkestak: inkesta. Inkestatzailearen asmoa eta pretentsioa da, dauzkan lauzpabost datuak gizarte osoari hedatzea eta aplikatzea. Laginetik jauzi egin, eta unibertsoari ezarri datu horiek.

Malabarismo aparta da hori, irrumatio eta mormoratio direlakoen kasta berekoa, nik uste.

Unibertsitatean diotenez, oso aurrera egin dute teknika galdekatzaileek, fidagarritasunean eta abar. Asko hobetu omen da datuen manipulazioaren eta interpretazioen esparruan. Baina, Benedetto Croce-ri irakurri izan diodanez, galdera orok iradoki ohi du erantzunaren tamaina eta bidea.

Inkestatzailearen zerrendan agertzen ez dena, nola kalifika dezake inork? Delako inkestatzaile horren agendan ez dagoenaz, nola eman dezake inork iritzia? Eta, bere iritzi propioa, nola lor dezake inork publiko egitea?

* * *

Durangoko azoka pasatu berri da, eta San Tomas hartu dugu bistan. Olentzeroren zain, urte berrirako desioak formulatzeko tenorean gaude… Politika-modu hobeagoak eta eraginkorragoak eskatuko nizkioke ikazkinari. Bide batez, sexu gozoagoa.
Haize hezeen bolada hauek direla-eta, Bocca-ccio-rekin akordatu naiz, haren Dekamerone tipiarekin. Bilduma horretan, badu ipuin fantastiko bat, “Buztanik gabeko behorra”. Non azaltzen baita nola fraide batek bihur zezakeen behor bat emakume, bai eta kontrara ere, alegia emakumea behor.

Senar-emazte jakin batzuen etxean ostatua hartuta jarriko ditu abian bere abileziak fraideak, eta saiatuko da behor bilakatzen Betiriren emaztea, Gemada. Pobre baitira etxe horretan, eta, zamaritzat, asto ez aski handi bat baizik ez dute merkatura jaisteko.

Marabila hori obratzean, lan zailen buruan, mirakulua bere osotasunean amaitutzat emateko, behorrari buztana eransteko unea heldu denean, Barletako fraideak atorra erantzi eta haurrak landatzeko lanabesa aterata, bizkorki sartu du hura, horretarako apropos aurkitu duen ildoan, kokoriko eserita baitzuen bere aurrean Gemada, behorgaia.

Segituan etorri dira Betiriren protestak. Emaztearen gainetik apartatu zuen fraidea… Enkantamendua apurtu zen, noski; eta, buztanik gabe geratu zen Gemada. Hartara, ez behor, ez zamari.

Fraide Joanek adierazi zien ezen beste inoiz nahi izatera lan horretan hastea, berriz saiatu zitekeela behor bilakatzen Gemada. Esan besterik ez zutela. Baina, Betirik ezin zuela protestarik egin, buztana eransteko ahaleginak ahalegin.