Sortaldeko etsaientzat harresia

  • Gipuzkoatik zetozen erasoez defendatzeko sortu zen Markinako herria, XIV. mendean, eta oraindik ere helburu horrekin egindako hainbat eraikinek diraute zutik. Sei mende geroago, 36ko Gerran, berriz defentsa lanak egokitu zitzaizkion Markinari, frankisten aurka orduko hartan. Gatazka hark ere utzi zuen eraikin uzta polita. Erdi Aroan dorretxeak, XX. mendean bunkerrak eta parapetoak. Batzuei zein besteei bisita egin diegu.
Markina-Xemein
Markina-Xemein (Bizkaia)Amaia Ugalde
1355. urtean Bizkaiko Jaun Don Tellok, Gaztelako Alfonso XI.aren semeak, Villaviciosa de Marquina hiribildua sortu zuen. Antza denez, Markina izena erdarazko marca hitzetik dator, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga-mugan baitago egon ere Markina. Hiribildu berria eskualdeko biztanleek eskatuta sortu ei zen, Gipuzkoako familia ahaltsuengandik defendatzeko. Hala ematen du Markina-Xemeingo Udaletxearen web-guneak herriaren sorreraren berri.

XIV. mendean gipuzkoarrak ziren geldiarazi beharreko etsaia; 36ko Gerran, berriz, armada frankista. Orduko lubaki bat izango da, hain zuzen, gure ibilbideko lehenengo geralekua, Iparragirre auzoan. Osasun etxe albotik abiatuz, ezkerreko kantoia hartuta, ibilbideko aldapa luzeenetako batekin egingo dugu topo, eta Iparragirre auzoan izango gara hamar-hamabost minuturen buruan. Bidean Markinako ikuspegiaz gozatu eta marmol harrobien handitasunaz txunditzeko aukera dago.

Auzoaren izena zizelkatuta ikusiko dugu etxe eder baten ondoan. Dagoeneko Iparragirren gaude, baina apur bat gehiago jarraitu behar dugu aurrera. Aldapa baten amaieran, eskuman, ur biltegi bat dago, eta ezkerrean oinezkoek egindako bidexka. Handik sartuta iritsiko gara lubakira; oraindik han dago metrailadore habia txikia. Bertatik, Etxebarri eta Markina lotzen dituen bidea kontrolatu gura zuten Errepublikaren aldeko soldaduek. Orain landaredia hazita dago, eta gordelekuko zirrikitutik ez da bidea ikusten, baina irudimen erabiliz 70 urte atzera egin daiteke.

1936ko irailaren hondarrean, Markina inguruan frontea jarri zuten errepublikazaleek, Kalamua eta Urkaegi inguruan zeuden armada frankistei begira. Lehenengo defentsa lerro horrek zazpi hilabete eta erdi iraun zuen, frankistak Markinan sartu ziren arte. Bigarren lerroa, erretagoardian zegoena, 1937ko urtarrilean eraiki zen, eta ez zen sekula borrokarako erabili. Lerro horretakoa da Iparragirreko metrailadore habia, eta baita beranduago bisitatuko dugun Parapetoa ere. Defentsak defentsa, 1937ko apirilean sartu ziren Markinara tropa frankistak, eta handik gutxira hartu zituzten Gernika eta Durango.

Erdi Arorantz: Ugarte dorretxea

Iparragirrera joateko igo garen aldapatik jaitsi eta beherantz jarraituko dugu, bidegurutze batera iritsi arte. Gorako bidean ere pasa gara hortik, eta zuzen jo dugu. Oraingoan, lehengo bidea hartu barik, ezkerretara egingo dugu Markinara jaisteko. Bidegurutze horretatik herriaren ikuspegi benetan politaz goza daiteke. Behin herrira helduta, zuzen jarraituko dugu. Tunel batetik igaro, errepide nagusira heldu, eta espaloitik Ugarte dorretxerantz abiatuko gara.

Ugartetarrek botere handia izan zuten XV. eta XVI. mendeetako Markina eta Xemein inguruko lurretan. Jauntxoak baserritarren zergez, basoez eta oletako diruaz bizi ziren. Ugartetarrek, gainera, zubia zeukaten Donejakue bidearen ondoan, eta bidesaria kobratzen zuten. Izan ere, dorretik kontrolatzen zen Ondarroatik Durangorako pasabidea.

Ugartetarrekin batera, Barrueta familiakoak ziren herriko jauntxorik boteretsuenak, eta biak elkarri mokoka ibili ziren bandokideen guduetan. Liskarretako batean, Ugartetarrek Barruetako dorrea erre eta guzti egin zuten. Azkenik, Enrike IV.a erregearen aginduz liskarrak amaitu eta jauntxoen indarra moteltze aldera dorreetako almenak moztu zituzten.

Orain, Ugarteko dorretxeak jauregi itxura du. Duela hamar urte eraberritu zuten azken aldiz. Lehen altuagoa zen, eta leiho handiak barik gezi-leihoak zituen. Gaur egun harrizko paretak ikusten badira ere, Erdi Aroan dorre guztiak karez estalita egon ohi ziren. Harri merke eta zikinez eraikitakoa estaltzeko joera zegoen.

Buelta eman eta bide ertzetik joko dugu atzera. Kiroldegi alboan ezkerrerako bidea hartuko dugu. Baserri baten albora iritsi gara, eta haren ezkerreko bidetxoa hartuz, burdinezko ate batera ailegatuko gara. Asto-korta baten aldamenetik, lurrezko bidean gora egingo dugu. Aurrean beste baserri bat dago, baina haraino heldu baino lehenago eskuman dagoen bidezidorra hartuko dugu. Lurrezko eskaileretatik gora harrizko bide zabalago batera iritsiko gara. Atzeko Beñe baserri albotik pasa eta gutxira amaituko dira aldapak. Markinako ikuspegi polita dago inguru lau horretan. Eskuman bidezidor bat nabari da, pertsonen joan-etorriek eginikoa. Belar artetik igaro, eta laster haitz eta arbola artetik gorantz egin beharko dugu apur bat. Alanbrezko hesi bat gainditu eta Parapetora iritsiko gara.

Gerrarako parapetoa, jolasleku

Markinan ezaguna da Parapetoa, makina bat herritar txikitan jolastera eta txitxiburduntzi –txorizo erre jana– egitera askotan igo izan baitira bertara. Parapetotik herriaren bista ederra dago, sasitza hazita egon arren. Bunkerra zegoen bertan, baina orain ez dago osorik, gerra ostean txatarra lortzeko apurtu baitzuten. Bunker aztarnez gain, harrizko lubakiko hormek zutik diraute Parapetoan.

Parapetoa 1937ko urtarrilean egindako bigarren defentsa lerrokoa da. Han, soldaduek Markinako sarrera kontrolatzeko leku paregabea zuten. Parapetotik gertu, Igozetik Santa Eufemirantz soldaduek bide bat egin zuten, herria frankisten eskuetan geratzen bazen, markinarrek bertatik ihes egiteko. Gorrixen bidie moduan ezagutu izan dute bide hori herriko zaharrenek.
Lehengo bidetik irtengo gara Parapetotik, eta aldapan behera hasiko gara eskumarantz. Ituarte baserriaren ezkerretik pasa eta gutxira bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerreko bidea hartu eta aurrera, Axpe auzorantz. Eskuman, San Jazinto ermita ikusiko dugu, lehen Axpeko Udaletxea zena.

Arrosak ditugu eskuman eta ezkerrean berriz tomateak. Bidea apur bat zabaltzen da, eta eskumako etxeari begira jarriko gara, hura baita Torrezar. Ez dirudi zaharra. Erdi Aroko hainbat dorretxeren antzera, hau ere eraberrituta dago. Almenak kenduta ditu eta aurretik ez du dorre itxura handirik. Haren berezitasun handiena haitz gainean eraikiata egotea da.
XV. mendekoa da Torrezar. Lehen kubikoa zen, baina gaur egun bertan bizi direnen gurasoek etxea erantsi zioten. Familia hori ez da, baina, Torrezar eraiki zuena. Dorreko señoria Etxebarriko etxe batera joan ei zen bizitzera. Izan ere, Erdi Aroko dorreotan bizi ziren familia boteretsuek baserritarrengan errespetua eta beldurra eragiten zituzten. Baina Markina handituz zihoan heinean, XVIII. mende aldera, herri barruko merkataritzak garrantzia hartu zuen. Hiriko ekonomian esku hartu guran, landatik hirira joan ziren jauntxoak. Dorreak baserritarrei alokairuan utzi zizkieten askok, eta horiek, errenta hainbat urtez ordaindu eta gero, erosteko aukera izan zuten.

Barrueta, ikusgarriena

Torrezarretik bidean aurrera egin eta aldapa behera jarraituko dugu. Bost minutu inguruan, suhiltzaileen ondotik pasako gara, eta hurrengo bidegurutzean ezkerrerantz joko dugu. Axpe sagardotegia ezkerrean utziz errepidera hurbilduko gara. Ondoren, ezkerrerantz egin eta Berriatua eta Ondarroarako norabidea hartuko dugu bide hegaletik. Gasolindegia ikusten da berrehunen bat metrora. Hara heldu aurretik, bidea pasatu eta Bauskurainerantz joango gara, eskuman dagoen errotuluari jarraituz. Gorantz jarraitu eta bidegurutzean eskuineko bidea hartuko dugu. Laster aldapa behera hasiko gara zuhaitz artean, eta handik gutxira Barrueta dorrea ikusiko dugu.

Irudimena lanean jartzeko momentua da berriro. XIV. eta XV. mendeen artean eraikitakoa da dorrea. Orain baino altuagoa izango zen hau ere, hamahiruren bat metrokoa. Behin, Markinako alkatearen semea edo alkateak bidalitako agintari bat –ez dago argi zein– hil omen zuten dorretxetik gezia botata, zeozertaz berba egiteko hara joan zenean.

Zer nolako bizimodua izango zuten barruetarrak bezalako familia boteretsuek? Etxea gaur egun euren ondorengoena da, gaitandarrena. Mendeetan barrena iraun duten istorio ugari jakingo dituzte ziurrenik. Markina-Xemein ez da dagoeneko dorreetako familiek indarra zuteneko herri hura, baina historiaren testiguek zutik diraute. Herri erdian dagoen harresi zatiak, esaterako.

ASTEKARIA
2007ko abenduaren 09a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude