Logela Multimedia taldearen Ardoaren negarra ikus-entzunezkoak irabazi du Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bilerako sari nagusia. Profesionalen atalean, Telmo Esnalen Setioa –film dokumentalen sailean– eta Iñigo Kintanaren Itzalak –argumentuzko obren artean– ere saritu dituzte. Amateurren atalean, bestalde, Lander Arbelaitz Argiako kazteariaren Su eta lore artean lanak jaso du dokumental arloko lehen saria. Estoniako errusiarren integrazioari buruzko dokumental hori www.argia.eus webgunean duzue ikusgai.
Juan Izuzkiza filosofia irakasle bergararrak irabazi du Juan Zelaia Saiakera Sariaren zazpigarren edizioa, Paranoiaren hozberoa lanarekin. Munduaren egoerari buruzko azterketa eta hausnarketak bildu ditu Izuzkizak bere saiakeran.
Jose Luis Zumeta pintore usurbildarraren 30 koadro jarri dituzte ikusgai Donostiako Kur galerian. Zumetak azken urteotan margotutako olio pintura koloretsuez osatutako erakusketa urtarrilaren 23a arte izango da zabalik.
Helena Orkoien 21 urteko sopranoari eman dio Interprete Gazteen saria Espainiako Juventudes Musicales elkarteak.