Gotzon Garate, Deustuko Unibertsitateko irakaslea
Hau ez dago ukatzerik: euskal filologoek izugarrizko mesedea egin diotela euskarari.
Besteak beste, izen ona, ohore eta ospea eman diote euskarari. Gu haur ginelarik, euskararen etsaiek puzturik, uste oker bat zabaldua zegoen: euskara boronoen, ezjakinen eta arloteen hizkuntza zela.
Horrek eta gizartean zegoen euskararen kontrako giroak kalte handia egin zigun: milaka eta milaka gurasok ez zieten seme-alabei euskaraz erakutsi. Zertarako, euskara inozoen ezaugarria bazen?
Euskal filologoek uste hori hankaz gora bota dute. Euskara unibertsitatean ere ikasten dela. Ez dela hutsaren hurrengoa. Jende ikasiek ere egiten dutela euskaraz. Jende dotorea ez dela euskaraz egiten lotsatzen.
Beste aldetik euskal filologoak jende ongi jantzia dira. Bost edo lau urtez jo eta ke, zinez euskararen erraiak aztertzeari ekin diote. Unibertsitateko karrera bukatu eta edonon jakinduria zabaltzeko gerturik daude.
Garai baten euskaraz jakinez gero, jendeak uste zuen euskarari buruzko kontu guztiak bazekizkiela. Etimologiak eta, barra-barra azaltzen zituzten, maiz gauza okerrak esanez.
Euskal filologoak, euskarari buruz ari denean, zuhur jokatzen du. Zer dakien badaki eta zer ez dakien ere bai.
Euskal filologoei esker, uste oker asko pikutara joan dira. Adibidez, Gipuzkoako euskara Bizkaikoa baino hobea dela.
Edota Eibarko eta Bermeoko euskara traketsa dela. Euskal filologoek ongi dakite herri horietako euskararen egiturak, hezurdurak ez diotela inongoari zorrik.
Eibarko euskararen aberastasuna azken aldi honetan frogatua baino frogatuago gelditu da.
Bermeoko euskara, berriz, noranahiko dela besteak beste, Eneko Barrutiak, Antonio Perez Bilbaok, Begoña Bilbaok... garbi eta argi erakutsi dute.
Euskal filologoek idatzitako liburuak asko eta estimagarriak dira.
Euskal kulturaren alor asko maisuki jorratu dituzte.
Beste aldetik euskal filologoak kargu eta postu garrantzitsuetan dabiltza: ikastetxeetan, euskaltegietan, udaletxeetan, irratietan, telebistan, itzulpen lanetan, Eusko Jaurlaritzan, lana serioski eginez.
Euskal filologoek arnasa berria ematen diote euskarari.