argia.eus
INPRIMATU
Petti
«Musika besteek entzuteko egiten dugu; bestela, etxean baino ez genuke joko»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Petti
Petti musikaria

Ekaitzaren ostean etortzen dira zure diskoak, baretasunean?


Bai, hala izan ohi da gehienetan. Hala ere, bost urteotan ia geldi egon naiz eta bazen ordua diskoa kaleratzeko. Gainera, lan honetako kantu gehienak aspaldi eginak nituen. Folkyenak, lasaienak aukeratu ditut disko honetarako. Bestalde, badut asmoa gordeta ditudan beste kantu rockeroago batzuk etorkizunean nik ekoiztu eta kaleratzeko.

Zergatik da hain “ona” disko hau?


(Kar, kar, kar). Gehienbat abestiek instrumentazio aldetik garapen handia dutelako, eta musikariak ere oso onak direlako. Hala ere, bigarren diskoa da niri gehien gustatzen zaidana, nahiz eta askoz minimalistagoa izan.

“Hartzaile onak egiten du emaile ona, emanez eskertzen baitu hartu duena”. Zer eman dizute zuri entzuleek?


Entzuleek aurrera egiteko gogoa eman didate. Norbaitek nire musika gustuko badu, asko pozten nau; eta aurrera egiten laguntzen dit. Musika besteek entzuteko ere egiten dugu; bestela, etxean baino ezgenuke joko.

“Erran gabeko hitzen mamuak barrutik ibil ez daitezen”, konposatzeari ekiten diozu sarritan? 50 bat kantu omen dituzu gordeta… Zer da kantuak egitea, plazera, terapia, exorzismoa, beharra?


Niretzat kantak egitea gauza horien guztien nahasketa da. Egon naiteke denbora luze samarra jo gabe; baina gorputzak eskatzen didanean jotzen dut.

Nor litzateke Petti ostalaritzan lan egin izan ez balu?


Bai, zalantzarik gabe. Ostalaritza gaua da batez ere, eta gauak hartzen duena eguzkiari kentzen dio. Hala ere, harakin, fruta saltzaile, hargin eta beste lanbideak ere izan ditut.

Lan honetan alde akustikoa eta elektrikoa erakutsi dituzu...


Bai. Honetan aurreko hiru diskoetan landutako estiloak nahastu nahi nituen. Erakutsi nahi izan diot jendeari zuzenean zer aurki dezakeen: kantu lasaiak eta rockeroagoak, biak dira Petti.