argia.eus
INPRIMATU
Himalaiak karbonoa xurgatzen du
  • Frantziar ikerlari talde batek Nature aldizkarian argitara eman duenez, Himalaiak karbono dioxidoa zurgatzen du. Bertako mendien higadurari esker, Brahmaputra bezalako ibaiek materia organiko asko garraiatzen dute itsasorantz, eta materia hori itsas hondoan geratzen da ongarri modura. Lehen estimazioen arabera, Himalaiako ibaiek milioika tona partikula garraiatzen dute urtero eta horrek izugarri aberasten du Bengalako badia.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko azaroaren 28a
Brahmaputra ibaia
Brahmaputra ibaia Himalaiaren magalean aurkitzen daBrahmaputra ibaia
Laburbilduz, prozesua hauxe da: Himalaiako mendietako landareek karbono dioxidoa harrapatzen dute; higaduraren bidez lur-partikuletan harrapatutako karbono dioxidoa ibaiek garraiatzen dute eta itsasora ailegatzean ongarri modura geratzen da itsas hondoan eta ez da atmosferara askatzen. Beraz, Himalaiak Lurra hozten laguntzen duela baiezta daiteke. y

Bakterioen aurka, komunikazioa eten

Gerretan taktika ezaguna da etsaiaren horniketa edo komunikazio-bideak etetea. AEBtako Princeton Unibertsitateko Bonnie Bassler eta Douglas Higgins ikerlariek antzeko bidea jorratu dute bakterioen hedapena geldiarazteko, hau da, bakterioek elkarrekin harremanean jartzeko dauzkaten bideak aztertu dituzte.

Bakterioek euren inguruan bakarrik dauden ala ez jakiteko ahalmena dute, zelulen mintzak zeharkatzen dituzten mezulari kimikoen eraginez. Horrela, bakterioek asko edo gutxi diren jakin dezakete, eta horren araberako talde-portaerak hartzen dituzte. Animalia batzuengan luminiszentzia deritzona –argi igorpena, alegia– sortzen dute, eta beste hainbat kasuetan biozuntzak osatzen dituzte antibiotikoen aurrean hobe irauteko.

Basslerrek eta Higginsek, hain zuzen, kolera eragiten duen Vibrio cholerae bakterioaren mezulari kimikoa isolatu dute. Vibrio-ek giza hesteetan biozuntzak sortzen dituzte, infekzio latzak eraginez. Haien kopurua asko hazten denean, beste gorputz bati erasotzeko gai izaten dira.

Ikerlarien arabera, vibrio-ei mezulari kimikoa ezabatzen zaienean patogeno bihurtzen dira; ez dira dauden lekutik higitzen, eta ez dute biozuntzik sortzen. Orain, koleraren inguruan egindako garapena beste bakterio batzuei aplikatu nahi diete, ea aurkikuntzak guztietarako balio duen.