argia.eus
INPRIMATU
Pello Otxotekok amodioari eskainitako poemak
  • Pello Otxoteko Vaquero ::Goizalbaren argitan

    EREIN

    Orrialdeak ::100

    prezioa ::8.40€

Pilar Iparragirre 2007ko abenduaren 02a
1999an Berminghan argitaletxean plazaratu zuen Haraindiko begirada izeneko poema liburuarekin eman zen ezagutzera literatur munduan Pello Otxoteko Vaquero (Irun, 1970). Ahalegin hari jarraitu zioten 2001ean Hiria argitaletxearen bidez kaleratutako Itzalaren ñabarduretan eta 2003an Elkar-en agertutako Arnasa galduaren ondarea liburuek. Lan haietan, pentsamenduaren poesia jorratu zuen –batzuen esanetan, poesia metafisikoa edo filosofikoa baino ez zena– eta aldaketaren beharra sumatu zuen olerkariak bere baitan. Orduantxe erabaki zuen maitasunari eskainitako poema-liburu bat idaztea, hizkuntzaren maila emotiboak punturik gorenetara eramaten saiatuz. Poema gehienak bere bikotekideari eskainiak dira; beste batzuk, enamoratze momentuan sortzen diren galderen eta kezken eraginez sentitutako emozioei irteera ematen diete; eta liburuaren azken atalekoak –Eta argiak pausagunea aurkitzen duenean...– bere seme-alabei eskainiak. Azken garaian, Li Bai-ren antologia bat egon da itzultzen Pello Otxoteko –Alberts Galvanyrekin batera–, eta berak aitortzen duenez, poeta txinatarraren eragina suma daiteke Goizalbaren argitan honetan.
«Maitsuna sentitzeko, igortzeko eta pairatzeko modu asko dago»

Poema liburu hau laburbiltzerik bai?


Maitasun liburua da. Ez dakit asmatu dudan ala ez, baina maitasuna ahalik eta ondoen deskribatzen saiatu naiz. Maitasunak betiere orbanak uzten ditu, higatzen ditu bihotzak, positiboki eta negatiboki. Horregatik, maitasunezko poema mota ezberdinak aurkituko ditu irakurleak Goizalbaren argitan liburuan. Nire asmorik garrantzitsuena maitasunaren poliedroaren alde anitzak aurkeztea izan da.

Eta zer da zuretzat maitasuna?


Onerako ala txarrerako, bihotza eta barruak erabat astintzen dituen emoziorik gogorrenetarikoa da maitasuna. Eta maitasuna aldatuz doa, barruak astintzeko gai diren emozioek beren eragina aldatzen duten neurri berean. Maitasuna sentitzeko, igortzeko eta pairatzeko modu ugari daudela adierazi nahi izan dut poema sorta honetan, maitasunaren alde ezberdinak azalduz.

Esate baterako, zein alde?


Adibidez, bikotekidearenganakoa –modu erromantikoan, sentsualean, edo nerabe garaikoan–; seme-alabenganakoa; gizateriarekikoa; naturarekikoa; eta balizko transzendentzia batenganakoa –heriotzari eskainitako poema bat ere badago, amorante bailitzan–. Guzti hau, modu pertsonalean, inpertsonalean, baikorki eta ezkorki, era errealean zein platonikoan, eta baita fikziozko modu batean ere agertzen saiatu naiz.

Nola sortu zitzaizun liburua egiteko ideia?


Duela hiruzpalau urte erabaki nuen hitzaren bitartez emozioak igortzeko ahalegin hau islatzea.