Cinquecento autoaCinquecentoa
30eko hamarkadaren hasieran Fiatek produktu nahiko arrakastatsua ipini zuen merkatuan, Balilla izeneko modeloa, baina haren prezioa ez zegoen oraindik langile-klasearen eskura. Orduan Benito Mussolini Fiateko zuzendari Giovanni Agnellirekin bildu zen, eta italiarrei 500.000 lira baino gutxiagoren truke auto bat eskaini behar zitzaiela esan zion. Ideia bikaina zen, eta Adolf Hitlerrek aliatu italiarraren bideari heldu zion: Ferdinand Porscheri 1.000 markotik beherako autoa egiteko eskatu zion; Volkswagen Beatle ezaguna jaio zen.
Torinoko fabrikan, 1931an prest zegoen Fiat 500 Tutto Avanti modeloaren prototipoa, baina autoa frogatzean, irten eta kilometro gutxira, su hartu zuen. Merkatura 1936an iritsi zen lehenengoz Fiat 500 A, gerora Topolino izenaz ezaguna egingo zena. Harrera epel samarra izan zuen. Baina ez da harritzekoa, garai hartan 220 italiarretik batek baino ez baitzuen autoa; proportzioa hamar aldiz handiagoa zen Frantzian eta 40 aldiz handiagoa AEBetan.
Faxismoaren eta II. Mundu Gerrako porrotaren ondoren, krisi moral eta ekonomikoa automobilgintzan ere antzeman zen. Topolinoen salmentak behera egin zuen. Horregatik, 1953an, haren motorrari Hans Meter Bauhof-ek diseinatutako alemaniar karrozeria erantsi eta Fiat 600 eredua sortu zuten. Hala ere, haren bertsio atzerritarrek, Espainiako Seat 600ak batez ere, jatorrizkoak baino arrakasta handiagoa izan zuten.
Esan dugunez, 1957an ez zirudien Nuova 500ak ere aurreko modeloen muga gaindituko zuenik. Jaioberritan ez, behintzat. Berehala Nuova 500 Economica eta Nuova 500 Standard bertsioak merkaturatu zituzten, osagarri gutxi batzuk gehituta. Eta booma etorri zen. Auto hura italiarraren neurrira eginda zegoen, industrializazioan oinarrituta hamarkada hartan mirari ekonomiko betean zegoen herriaren neurrira. Krisi ondoko gorakadaren ikur bilakatu zen, gazteriaren ikono. Eta Torinoko fabrikako muntaia-kateetan langileek klase kontzientzia berreskuratzen zuten bitartean, kanpoan italiarren bizimodua aldatu zuten lau gurpil haiek. Guztira, 3,9 milioi ale saldu zituzten merkatuan egon zen hamazortzi urteetan. Eta modu horretan, laurehun urte geroago, Cinquecentoa eta berpizkundea berriro eskutik helduta iritsi ziren Italiara.