argia.eus
INPRIMATU
Bizi naizen herrian II
Sustrai Colina 2007ko azaroaren 27a
Sustrai Colina
Sustrai Colina bertsolaria
Ni bizi naizen herrian konstruktoreak ez dira korbata eta amerikanarekin ibiltzen, ez daukate Ferrari edo Porche-rik, ez dira jakuzidun txaletetan bizi. Kalean gurutzatuz gero bi hitz eskainiko dizkizute, zure lagunak direla sinetsiaraziko. Ez diezu sekula antzemango milioi bateko irabazia ala zuloa egin duten, ez diezu sekula antzemango zertan dabiltzan.

Ni bizi naizen herrian baserritarrak dira konstruktore. Euren baserria berritzeko orduan ezagutu zuten eraikuntza mundua, auzokoarena berritu zuten gero, eta ganadua gutxitu ahala sobratzen zaizkien lur-sailetan etxe-multzoak eraikitzera dedikatzen dira orain.

Ni bizi naizen herrian oso pertsona errespetatuak eta errespetagarriak dira. Ez die inork etxebizitza garestiak –eta kanpotarrei– saltzea leporatzen. Ez die inork baserritarraren biserapean jasotako subentzioa konstruktorearen maletan sartu izana aurpegiratzen. Alderantziz, eurak eta euren lagunak hautatzen dituzte zinegotzi.

Ni bizi naizen herrian konstruktoreena da kritika eraikitzailea.