Dani Blanco
Karisma handiko lidertzat daukaten demokratek, bereziki DraftGore kolektiboa osatzen duten militanteek, Etxe Zurian nahiko lukete berriro, postu gorenean oraingoan, eta horretara jarri dira buru-belarri.
Politikarako gogoa galdu duzula diozu eta ez da harritzekoa –bota zioten maitasun aitortza bailitzan The New York Times egunkarian Bakearen Nobel Saria jaso baino pare bat egun lehenago–; baina jakin badakigu zure aberriarekiko maitasuna ez duzula galdu. Eta Aberriak, zure alderdiak bezala, eta hain sutsu defenditzen duzun planetak bezala, benetan behar zaitu.
Gaur milioika lagun dira AEBetan petralkeria politiko guztien jatorria 2000. urteko hauteskunde presidentzialetan aurkitzen dutenak, geroztik egindako okerra bere onera ekartzeko bide bakarra orduko hartan galtzailetzat jo zenari boterea itzultzea dela sinesten dutenak.
Baina heroi berriak ere ipurdian zuloa. “An Inconvenient Truth” edo aldaketa klimatikoa aztertzen duen dokumentalari zorroztasun eskasa leporatzen zaio; emozio eta irudi probokatzaileen indarra baliatzea argudio arrazionalak bazter batera utzita; ideia zientifikoak bere gogora interpretatzea eta dramatismoaren izenean ondorioak areagotzea; petrolio industriari –alegia, aitaren negozioari– zuzenki hortzak ez erakustea eta nekazaritza-erregaien aldeko apustuaren arriskuak apenas aipatu gabe modu interesatuan egitea –berauen produkzioan esku-hartze garrantzitsua du–; zibilizazio moldearen aldaketarik ez proposatzea...
Batere erosoak ez diren egiak, finean, Al Goreri berari azaleratu zaizkionak.
Berotze globalari muga jartzea norbanako guztion erantzukizun saihestezina dela gogorarazten digu Gorek, eta dagoeneko aski ezagunak diren hainbat gomendio ematen. Hala nola, betiko bonbilaren ordez fluor-argi trinkoak jartzea, ur bero gutxiago erabiltzea, neguan berogailua bi gradu beherago finkatzea, lehorgailu elektrikoa erabili beharrean jantziak kanpoan isekitzea, paper birziklatua erostea...
Haatik, estatubatuar batek urte osoan gastatzen duen energia hilabete eskasean xahutzen du berak Tennessen duen mansioan. Besteoi esandakoak esanda, aitak herentzian utzitako zink meategiaren bidez, hondakin tonak, tonak eta tonak isurtzen ditu airera nahiz uretara. Eta, hori gutxi balitz, 240.000 eurotik gora kobratzen du gizakion zentzugabekeriaz mintzatzen den aldi oro. Hitzaldia txukun prestatzeko eta bere jet pribatuaren gastuak arintzeko behar ditu, antza.
Berotze globalaren azterketara fondo publiko nahiz pribatuetatik diru-zakukada bikainak, ia imajina ezinak bideratzen direla jakinda, Aberria zerbitzatzeko ohoreaz beste eskaini beharko diote jarraitzaileek moda-modako negozio aberasgarri honen gailurra utz dezan eta politikara itzul dadin.
Oraintsu, Manuel Marin Espainiako Kongresuko presidente eta PSOEko kideak politika utzi eta unibertsitatean aldaketa klimatikoaren azterketari helduko diola azaldu du. Gore predikatzaile handia pertsonalki ezagutzeko zortea ere izan omen zuen Asturiasko Printze Saria eskuratu zuenean.
A, bon.