argia.eus
INPRIMATU
Orotariko hiltegia
  • Gela (Grezia), K.a. 456. Eskilo, tragedia grekoaren sortzailetzat jotzen dena, hil zen. Arranoek dortokak jaten dituzte, baina lehenago oskolaren oztopoa gainditu behar dute. Horretarako, dortokari heldu eta, hegan doazela, arroka baten kontra jaurti ohi dute. Bada, arrano batek Eskiloren burua arrokatzat hartu zuen –burusoila zelako agian?– eta dortoka buruan jaurti zion. Urte batzuk lehenago azti batek iragarri zuen Eskilo etxe baten erruz hilko zela, eta oskola dortokaren etxetzat jotzen badugu, iragarpen zuzena egin zuela esan genezake.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2007ko azaroaren 20a
Ordutik hona asko izan dira pertsona ezagunen heriotza bitxiak. Hona hainbat adibide:

- Frantziako errege Henrike I.a Akren zen 1197ko irailaren 10ean, balkoi batetik begira, Pisako armada noiz iritsiko zain. Pisako delegazioa gelan sartu zenean, erregeak buelta eman zuen estropezu eginez. Balkoitik behera erortzear zela gorteko kide batek arropatik heldu zion. Baina gorteko kidea Scarlet izeneko nanoa zen eta, beraz, erregeak baino askoz pisu gutxiago zuen. Erregeari amaieraraino segi zion; biak batera hil ziren lurraren kontra jo zutenean.

- Tycho Brahe daniarra XVI. mendeko astronomo garrantzitsua izan zen. Bere ikerketak lagungarri izan ziren Isaac Newtonek grabitatearen teoria gara zezan. Garai hartan otordua amaitu baino lehen mahaia uztea iraina zen. Brahek gehiegi edateko ohitura zuen eta, orduko hartan, mahairatu baino lehen maskuria hustea ahaztu zitzaion. Afarian zehar, bere ohiturari jarraiki, ez zion edariari muzinik egin eta, hala ere, manera onei eutsi eta ez zen komunera joan. Azkenean maskuria lehertu egin zitzaion eta hamaika egun geroago hil zen.

- Politikoa, filosofoa, idazlea, zientzialaria… Francis Bacon ingelesa bere garaiko pertsonaiarik esanguratsuenetakoa izan zen. 1625eko bazkalondo batean, kanpoan ari zuen elurrari begira, okela luzaroan gordetzeko metodo berri bat bururatu zitzaion. Oilasko bat erosi, hil eta elurrez bete zuen. Elurpean oilaskoari begira geratu zen, bilatutako emaitza lortu zain. Oilaskoa ez zen izoztu; Bacon bai.

- Alexander I.a Greziako errege izendatu zuten 1917an, aitak abdikatu ondoren. Lorategian txakurrarekin pasiatzen ari zela, txakurra eta maskotatzat zeukan tximino bat borrokan hasi ziren. Erregea tartean sartu zenean, tximinoak kosk egin zion orkatilan. Zauria infektatuta hil zen.

- Jerome Irving Rodale janari organikoen aldeko mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen. “100 urtetik gora beteko ditut, lehenago taxi batek ez banau harrapatzen”, zioen Rodalek. 1971ko urtarrilean 72 urte zituen eta “Dick Cavett Show” telebista saioan elkarrizketa egin zioten. Elkarrizketaren erdian, bihotzekoak jota, aulkian eserita hilda geratu zen. Saioa ez zuten emititu.

- 1983an Tennessee Williams idazlea New Yorkeko Elysee hotelean zela, sudurrerako spraya zabaldu eta tapoia ahoan erori zitzaion. Tapoiak itota hil zen.

- Urtebete geroago Jim Fixx korrika egiteko irten zen etxetik. 1970eko hamarkadan The Complete Book of Running liburua idatzi zuen, jogging egiteko modari hasiera emanez. Bada, lasterka hasi eta berehala zerraldo erori zen. Korrikalarien guruak aurreko asteetan beste hiru infartu izan zituela ikusi zuten autopsian.