Liriodendron tulipifera. Liriodendron tulipifera.
Tira eta tira erreskada ederra osatua, azken egun hauetan ikusitako horikoteen zerrenda honetan ez al daude ba ezagutzen ditugun ia zuhaitz gehienak? Eta haritz askok, otso-lizarrak, zumarrak, fagoak eta abarren gisan gorritzeko adina horitzeko joera duten espezieak erantsiz gero... geurean arrunta horitzea dela esan behar! Gorria da bai aparteko perla, baita udazkenean ere...
Eta aparejutik bezala horietan ere bada perlatik. Orain artean udazkenero neure buruari egiten nion zein da hori horietan horiena galderarentzako urrezko erantzuna baldin banuen ere, ezkia, azken urte hauetan badu urre horrek uztarri laguna eta laster, orain baino maizago ikustera jarri ordurako, uztarri bakarrean puntako azalduko zaigunaren zainak jo nau aurtengo tuliparbola edo idi-bihotzarbolaren, Liriodendron tulipifera, hori bizia ikusita.
Han-hemenka lorazain eroren batek aspaldi landatutako ale bakanen bat topa daiteke, baina ez da zuhaitz ezaguna. Txina eta Ipar Amerikatik ekarria, 1581ean landatutako aleak ezagutzen dira Ingalaterran, batik bat apaingarritarako landatu izan da: 60ren bat metro arteraino hazten da, aitatu bezala udazkeneko horia ikusgarria du eta horitzen den hostoa behin ikusiz gero ez zaizu sekula ahaztuko: lau gingil ditu, hostoaren alde banatan bina eta muturrik ez, hosto-punta kamutsa da zeharo. Zuri antzeko zura du eta whitewood –zur zuria– izena bereganatua du mundu osoan. Lehendik zurzuri eder bat izaki (Populus alba), euskaldunok nola deitu behar ote dugu honoko zur hau?