Hauxe traba nagusia epe motzean askatu beharrekoa aurrera segitu ahal izateko. Hortaz, jendartearen hitzaren balioak bidegurutzean utzi ditu eragile guztiak, guztiok hitz egiten ohi baitute haren izenean. Ez gara helburuez ari, helbideaz baino, baina biak dira elkarren osagarri. Lakuako lehendakariaren planaz izan edo Abiadura Handiko Trenaz izan jendarteari hitza eskatzea, eta balioestea, demokraziaren osasunaren neurri bihurtu da.
Bada honetan gauza argigarria. Gatazka politikoaren esparruan kontsultaren gainean jarrera kontrajarria duten eragile politiko batzuek guztiz jarrera bateragarria dute bestelako gaien esparruan kontsultatzeaz: kontrakoa beti. Azpiegitura handiak, kasurako. Demokrazian izena eta izana gauza bera ez diren seinale. Hortaz, Euskal Herriaren uztardura politikoa lortzeko burujabetasunaren aldekoek zelanbaiteko bide-orria badute ere, lausoa eta adostasun ezekoa izan arren, biharko Euskal Herriaren uztardura soziala eta lurralde-oreka lortzeko ezkerreko eragileek ez dute bide-orria, zabala eta sakona, izan daitekeenik. Gatazka politikoak ezker independentistaren balantza okertzen duen bitartean, indarrean den globalizaziozko eredu sozio-ekonomikoak gauza bera egiten du eredu horretan sinesmen itsua duten nazio-identitate desberdineko eragileen balantzan. Marko juridiko-politikoa aldatzea bezain inportantea zait marko sozio-ekonomiko-lurraldekoaren gaineko gogoeta, azken hau aldatzeko askoz ere trantsizio luzeagoak eta nazioarteko lotura sendoagoak beharko badira ere.
Tira, galdeketa da orain ezbaia. Bestelako kontuetan sartu gabe, modu bitan hartu daiteke galdeketa. Batetik, eragile politikoen artean gatazkaren muinaren gaineko adostasun zabala egonda, adostuaz galdetzea adostutako esparru geografikoan, jendartearen adostasun-maila neurtzeko; bistan da ez dela unea, Loiolako paperak ez baitziren bide-orri hori gauzatzera heldu, eta ez dirudi ertaineko epean gauzatuko dutenik. Blokeoa da oraingo egoeraren argazkia, batzuen zuzenbide-estatua dela, beste batzuen iraganeko inertzia desberdinak direla, eta blokeoari astindua emateko balioa izan dezake galdeketak; konponbidea ez bada irtenbidea izan daiteke behinik behin. Gainera, astinduak denak mugitzeko beharrean uzten ditu, traba batzuk gainditzeko aukerak sortuz. Kontua, baina, zera da, norako bide-orrian kokatu galdeketa eta horren aurretiko bidea bera. Baten batek Pixka bat es mucho filosofiarekin eutsiko balio galdeketari iruzur politiko berrirako bidea zabalduko luke. Hasieran aipatutako ateak zabaltzeko norabidean ipini nahi ezkero astindu lagungarria izan daiteke galdeketa, baina horrek zeta batzuk zehaztea eskatzen du aurretik: zer, zertarako, zeinek, zeini galdetu? Finean, ateak urte askotarako ixteko bidean nahi ala behin betiko zabalik uzteko bide-orrian nahi, horixe argitu beharrekoa. Beste batzuek eraldaketa sozialerako bide-orria zehaztuz joatearekin batera.