Homo Habilis, Homo erectus, Homo sapiens. Horixe da orain arte onartu dugun segida genealogikoa. Baina agian, Turkana aintzira inguruan (Kenia) aurkitutako arrastoek onartutakoa errebisatzera behartuko gaituzte. Meave Leakey paleontologoak eta haren alaba Louisek 1,44 milioi urteko matrailezurra aurkitu dute. Orain arte aurkitutako Homo Habilis arrastorik “gazteena” da. Eta horrek esan nahiko luke Homo erectusa ez litzatekeela habilisaren oinordeko izango, matrailezurra baino zaharragoak diren erectus arrastoak aurkitu baitira. Beste froga batzuek, ordea, berriro aurreko teoriara garamatzate. Hortaz, ikerketan asko dago sakontzeko, testuliburuak aldatzen hasi baino lehen.