argia.eus
INPRIMATU
Agapito
Joxemari Ostolaza 2007ko azaroaren 19a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Eta Ordoki. Gure garaiko auzokoak. Bat herrena, ezker hankarekin mainguka ibiltzen zena, bestea bi begioker, bere sudurrari begira beti. Biak Jauregi tabernako bezero ohiak, goizero ordu berean gosaltzen zutenak. Bakoitza bere mahaian ardo porroi bana. Porroi erdia husterako sesioan hasiko ziren elkarri erronka, zernahi zela ere gaia. Tabernako jabeak bazien zer eskertu, haien espektakuloari zor baitzion goizeko etekinaren zati bat. “Gaizki habil” esango zion Ordokik. “Ba hi ibiltzen bahaiz ikusten dukan bezala, hori muturrekoa” erantzungo zion Agapitok. Auzoko gauzak, tabernako pasadizoak. Bakoitzak berea ordaindu eta bihar arte. Telebistan ikusi dugu antzeko zerbait Espainiako erregeak Venezuelako Chavezi ihardetsita. Porroi gabeko mahaia eta bokadilorik gabeko iharduna. Jantziak ere, igandetakoak. Estetika ezberdina oso. Garestia. Honetan xahutu sosekin, Agapitok eta Ordokik bizi osoko gosariak ordainduko lituzkete eta eguerdiko poteoak hor nonbait. Zuri-beltzeko telebista kate bakarrak ez zizkigun ekartzen honelakoak. Orain alprojaz beteriko telebista kate koloretsuen garaia bizi dugu. Eta oroz gainetik konpatriotak dituzte erronka zio. Beharrik ez garela espainolak eta ez gaituela horrek harrapatzen, nahiz eta erronda ordaintzaile garen kontra-eztarriz.