argia.eus
INPRIMATU
Usakumea babiloniar erara
  • Mesopotamia, duela 3.700 urte. “Amârsanu usakumea bere saltsan prestatu nahi baduzu, usakumea hil ondoren ura berotu eta lumatu egin behar duzu. (...) Egosita dagoenean, porruak, baratxuria, andashu eta kisimmu batera xehetu; kissimurik ez baduzu, bâru pixka bat xehetu, eta saldari erantsi”... Horrela dio historiako errezeta bildumarik zaharreneko zati batek, letra etzanaz idatzita dauden hitzen esanahia oraindik ez badakigu ere.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2007ko azaroaren 13a
XX. mendearen amaieran AEBtako Yaleko Unibertsitateko Babilonian Collection bildumaren barruan, tiradera batean ahazturik zeuden sei taula aurkitu zituzten –goian ipinitako testua B taulakoa da–. Janaria prestatzeko errezetak ziren eta horiei esker dakigu Mespotamiako sukaldeetan nola jarduten zuten.

Taula horiek aztertu arte, Antzinaroko Ekialde Hurbilean zer jaten zuten beste testu batzuei esker genekien. Biblia, horien artean. Baina ez genekien nola prestatzen zuten.

Yaleko bildumako testuei esker, badakigu Akadian, Sumerian, Babilonian eta Asirian haragi-saldak, hegaztiak, zerealak, esnea, datilak, pistatxoak, mahaspasak eta baratxuria zituztela gustuko. Arrautzak ere jaten zituzten –ostrukarenak ere bai–, moluskuak eta krustazeoak bezalaxe. Dieta orojale anitza osatzeko intsektuek ere bazuten tokia mesopotamiarren mahaian, matxinsaltoek batez ere.

Gaur egun erabiltzen diren hainbat teknika eta trikimailu zekizkiten: hegaztiak lumatzeko ur berotan sartzen zituzten, eta okela gordina ur hotzetan uzten zuten, egosi baino lehen trinkotzeko. Gainera, janaria gatzatu edo eguzkitan lehortzen uzten zuten, luzaroan gordetzeko. Mahaian eseri baino lehen eskuak garbitzeko ohitura ere bazuten.

Edarien atalean kash izeneko garagardoa zen nagusi. Hasieran zeremonia erlijiosoetan besterik kontsumitzen ez zutela uste da, baina gerora, nekazarien soldataren zati bat garagardotan ordaintzera iritsi ziren. Ardoa, aldiz, berandu iritsi zen Mesopotamiara, eta kontsumoa ez zen zabaldu. Yaleko errezetetan behintzat, ez da aipatzen janaria prestatzeko erabiltzen zutenik.

Tigris eta Eufrates ibaien artean Homo sapiensek bere burua deskubritu zuen. Ondasunak zenbatzen eta ideiak adierazten zekien eta horiek guztiak idazten eta gordetzen ikasi zuen. Historiaurreari agur esan eta lehen zibilizazioa loratu zen. Eta horretarako, besteak beste, errezetak idaztea erabaki zuten.