argia.eus
INPRIMATU
Superheroiei jarriak
  • I

    Ez dabiltza ondo gure
    herria eta hizkuntza,
    aurrera egin nahi, baina
    ezin aurrerantza bultza;
    ezin aurrerantza bultza
    herria eta hizkuntza,
    agian beharko dugu
    superheroien laguntza.
Xabier Paya @xabipaya 2007ko azaroaren 12a
Iñigo Azkona

 
 
II

Superman izan da gertu
azaldutako lehena,
baina herria ikusi
eta zer-nolako pena!
Azaldutako lehena
eta zer-nolako pena,
elkar ez ulertzea da
kriptonitarik txarrena.




III

Catwoman beti izan da
hain superheroi bortitza,
baina gurean beldur da
katutxo soil baten gisa.
Katutxo soil baten gisa
hain superheroi bortitza,
txakurrak herri honetan
sueltoegi ei dabiltza.
IV

Batman laguntzera dator,
saguzar marka ortzian,
Robin ondoan duela
badator ziztu bizian.
Saguzar marka ortzian
badator ziztu bizian,
baina Batmobila ere
motel doa A8an.




V

Spiderman dator eta
jo behar dugu alarma,
armiarma zabaldu da
gure lurraldean barna.
Gure lurraldean barna
jo behar dugu alarma,
konponbideak ez dauka
ez army eta ez arma.




VI

Izotzezko gizonaren
itxaropena akabo,
gure herriaren alde
ez dago heroi gehiago.
Itxaropena akabo
ez dago heroi gehiago,
sua ez da falta, baina
dena izoztuta dago.