PSNren elebitasuna

  • Azkenean. Bazen garaia, baina azkenean PSNk elebitasunaren aldeko apustu sendoa egin du. Zortzi urte eman dituzte nafar sozialistek hizkuntzen kontua nahasten eta elebakartasunaren aldeko mezua hauspotzen. Nonbait, euskarak 90eko hamarkadan hartua zuen indar apurrari soberaxko iritzita, mende berrian sartzearekin batera UGT inguruan zebiltzan bost xentimoko “pentsalari” batzuek bilerak egin, diskurtsoa eratu eta Kordobillako egunkarian artikuluak barra-barra idatzi zituzten, zertarako eta hizkuntza bakarra jakiteak dituen alde on nabariak goraipatzeko...
Mikel Saiz
munduko estaturik boteretsuenak elebakarrak dira; munduko estaturik garatuenek hizkuntza bakarra dute; herritarrek zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta kaltegarriagoa izanen da haien bizikidetzarako, bizi-kalitaterako, jakintzarako; kaltegarriagoa, gizartearen aurrerapenerako… Adibide bat eman zuten: Etiopian makina bat hizkuntza daude eta, horren ondorioz, munduko herrialderik behartsuenetakoa da eta, antzera ere gertatzen da Afrikako estatu aunitzetan. Denak daude hemerotekan bilduta.
Unibertsitateko katedradun, irakasle, soziologo, sindikalista koadrila handixko bat nabarmendu zen zeregin horretan; UPNkoak ere jendaurrean erratera ausartzen ez ziren astakeriak idatziz moldatu zituzten. Bazterrak ederki nahasita eta gizartearen puska bat euskararen kontra altxarazi ondoren, UPNk hartutako erabakiak iritsi ziren, euskarari arnasa kentzeko, euskara plazatik ezabatzeko eta oraindik ez gara ataka gaizto horretatik atera.

Orain, ordea, bestelakoa da; zorionez, alderdi sozialistako agintariek mezua zuzendu dute eta hasiak dira elebitasunaren dohainak goresten. Egunero gogorarazten diote hori UPNri, eta behar adina neurri hartzeko eskatu diete eskuindarrei, elebitasuna Nafarroako zoko-moko guztietara hedatzeko, ikastetxe guztietara zabaltzeko, legeak dakartzan muga guztien gainetik. Sozialistak, gainera, irmo agertu dira kontu horretan: elebitasuna indar handiz zabaldu ezean, ez du UPNk PSNren laguntza izanen aurrekontuak onesterakoan.
Beraz, mahai gainean dago elebitasuna eta, gauzak okertzen ez badira, Nafarroako haur guztiek izanen dute bi hizkuntzak eta bi hizkuntzetan ikasteko aukera; erran nahi baita, gaztelaniaz eta ingelesez, British erraten dioten ereduaren bitartez, jakina. Gaztelania eta ingelesa; elebitasun hori bultzatu nahi du PSNk Beratik Corteseraino, Izabatik Vianaraino. Eta horixe izanen da Hezkuntzako kontseilariaren –CDNko Perez Nievas jaunaren– eginkizun nagusia legealdi honetan, harro esaten ari den bezala. Hori guztia, aniztasunaren, errespetuaren eta bizikidetzaren izenean, nola ez.

Azken buruan, hamaikagarrenez saiatuko dira euskarazko D ereduari aurre egiten; makina bat amarrukeria erabili dituzte urte sail luzean, baina ahalegin oro antzu gertatu zaizkie: euskara terroristen hizkuntza; euskara atzerapenaren hizkuntza; euskara jende basa eta ez-jakinaren hizkuntza; haurrak gaztelania hutsezko ereduetan matrikulatzearen aldeko kanpainak… Alferrik. Orain, indarrak bildu eta British eredua dakarte, ingelesaren dirdirak gurasoak liluratuko dituelakoan. Hasi dira horren aldeko artikuluak, diskurtsoak, hitzaldiak. Komeni da erne egotea eta ez legoke batere gaizki D ereduaren aldeko mezua egoera berrira egokitzea, mezua berritzea. Kontua ez da British ereduaren itxurakeria hutsa salatzea (ez baitago behar adina irakaslerik, materialik…), euskal irakaskuntzak jorratu duen bidea gogoratzea baizik. Horrenbestez, orotarazi beharko litzateke ingelesa aspaldixko sartua dagoela euskarazko ereduetan eta, azken finean, D eredua dela hiru hizkuntzak jakitea bermatzen duen eredu bakarra.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude