Xabier Montoiak irabazi du Euskadi Literatur Saria, euskarazko arloan, Euskal hiria sutan (Elkar) narrazio bildumari esker. Itzulpengintzako Euskadi Saria, berriz, Fernando Reyri eman diote, Antonio Tabucchi italiarraren Sostiene Pereira nobela euskararatzeagatik. Pereirak dioenez (Igela) izenburupean kaleratu zuen liburua.
Antzerkiola Imaginarioa konpainiaren lau obra hauen testuak kaleratu ditu Artezblai argitaletxeak bi liburutan: 8 olivetti poetiko; Mundopolski, erreboltaren ziaboga; Yuri Sam. Otoitza eta Au revoir triunfadoreak.
Ordoñez Falcon argazkigintza fundazioak (COFF) DFoto Arte Garaikidea eta Bideoaren Nazioarteko Azoka antolatzeari utziko diola iragarri du. Azoka antolatu duen lau urte hauetan ekimena guztiz sendotuta geratu dela eta bere lana bete duela dio fundazioak. Hori dela eta, hura antolatzea beste erakunde baten lana izatea erabaki du.
Abigail Lazkoz, Juan Perez Agirregoikoa eta Txuspo Poyoren artelanez osatutako erakusketa jarri dute ikusgai Gasteizko Artium museoan. Gure Artea sariketaren XIX. edizioa irabazi dute hiru artista horiek. 2008ko urtarrilaren 13a arte izango da zabalik erakusketa.