Itsasotik urrutira eta mendian gora goazen neurrietan landareen udazkeneko planta are eta biziagoa ikusiko dugu. Mendi garaien altzoetako haizeek bakea ematen dieten erreka zulo ospeletan bilatu koloreak. Hauetan zuhaitzak luze eusten dio hostoari eta bere garatze kromatikoa biribila izango da.
Kromatismoaren harrespila bukatzen ez den kiribila bihurtzen dute zuhaitz batzuek. Kolore dantza eta gero, hostaiari ahal den luzeen eusten saiatzen dira zuhaitz zimelkor edo martzeszenteak. Azken izen hori “zimeldu” adierazten duen latineko marcere edo marcescere-tik dator. Abizena neguan hosto zimelei soinean eusten dieten zuhaitzei dagokie, Quercus generoko asko –ametza, erkametza, haritz turkiarra, ametz kanariarra...–, fagoa eta xarma behintzat tartean. Dotoreak dira zuhaitzok negu osoan hosto zimelez jantziak. Inork ez du oraino, ordea, jokabide horren arrazoirik argitu. Uste asko da: datorren urtean irekiko diren begiak haize, izozte, elur, hotz, hortz eta abarretatik babestea dela, edo udaberrian konpetentzia liratekeen landare eguzki zale goiztiarrei azpia itzaldu eta hazkuntza galarazi nahi izatea, ala neguan botaz gero galtzeko arriskua den ongarriari bertan eutsi eta udaberrian, izerdi berrian energia eta jakiak behar eta orbela usteltzeko baldintza ezin hobeak direnean, askatzeko estrategia dela...