ETAri arrazoi emateagatik zigortu gaitzakete baina ezingo digute gaizki ari garenik sinestarazi. Horrek agerian lagatzen du berriz ere euskaldunon behin-behineko egoera. Zein herrik iraun dezake modu naturalean eta arrazoia erabiliz egiten dituenak zigortzen dituen konstituzio baten menpean? Herriak halabeharrez legeria aldatzera joko du. Gutxienez, badugu esperientzia zabala pentsatzeko euskaldunok gure jokabide naturaletan jarraituko dugula temati, soldaduskari muzin egiten genionean bezala, ez garela espainiarrak esaten dugunean bezala… ETArekin bat etortzen jarraituko dugu, hala iruditzen bazaigu.
ETAri ezin zaiola arrazoirik eman, legea ez-ezik, joko politikoko “argudioa” ere bihurtu da. Zenbat aldiz ez ote dugu entzun euskaldunak ezin garela autodeterminatu hori ETAri arrazoia ematea delako? PPk sartu zuen iruzur dialektiko hori, PSOEk beso zabalik hartzeko. Ondoren, pozoi bera erabiliz, Josu Jon Imaz jeltzalea abertzaleak zornatzen saiatu da (El Paísek horretarako jarritako pulpitutik). Ondorioz, eztabaida ez da euskaldunoi autodeterminazioa dagokigun. Eztabaida da noiz ematen diogun arrazoi gutxiago ETAri autodeterminazioa onartzean ala ukatzean. Jatorrizko eztabaida ez zaienez komeni, kartak aldatu dizkigute. Eztabaida ez da politikoa, erlijiosoa baizik. Heresia da auzia, autodeterminazioa heretikoa ote den eztabaida dezagun nahi dute.
Eta horrek baditu arrisku nabariak. Haiek ezartzen dute ETAri arrazoi ematea zer den. Haiek markatzen dute heresia zer den, hemen zer egin eta esan daitekeen. Hortaz, “argudio” hori euskaldunon edozein eskakizun ukatzeko erabiltzen da: independentzia, autodeterminazioa, euskararen sustapena, euskal nazioaren existentzia, presoen gerturatzea, torturaren abolizioa edo dena delakoa. Ezin dugu halako txeke zuririk eman. ETArekin bat etorriz gero, euriak euri… eutsi geureari.