argia.eus
INPRIMATU
Captain Nemo
«Boterea dutenei kontra egiteko modua da gutxiago kontsumitzea»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a
Captain Nemo
Cataptain Nemoko taldekideak

1.280 Euskal Hiria: ustelkeria, porlana… Euskal Herria eraldatu egin dute?


Izenburuarekin salatu dugu ahoz aho duten Euskal Hiria ez dela jende arruntarentzako; gutxi batzuk aberasteko kontua da. Izenburua osatzeko ideia Jim Thompsonen 1.280 arima liburutik hartu dugu. Liburu horretako protagonista Nick Corey sheriff ustela da.

Bagdadeko morroia. Zer egin dezakegu Irakeko inbasio eta sarraskia geldi dadin?


Gutxiago kontsumitu beharko genuke. Hori da daukagun arma garrantzitsuena boterea dutenei kontra egiteko.

Jotakie taldearen kantu baten bertsioa egin duzue. “Lehendakaria izan nahiko nuke” dio kantuak. Zer egingo zenukete ardura hori hartuz gero?


Ia ezinezkoa da kaletar bat politikaria izatea; baina hori lortuz gero, politikarien soldatak desagerraraziko genituzke; borondatezko lana bihurtu.

Disko honetan, hardcorearen espirituari eutsi arren, punk-rock gitarrerora jo duzuela esango nuke…


Guk ez dugu aurretik kantuak nolakoak izan behar diren pentsatzen; eta kantuak konposatzeko orduan hardcorea dugu oinarri, baina egia da emaitza aurrekoa baino apur bat lasaiagoa dela. Ez dugu geure burua Buenawixtako taldeen parean ikusten; ez da hain punk-rocka, baina egia da AEBetako 80ko hamarkadako punka maite dugula.

“Ispilua, mila zatitan hautsiko haut”…


Hitz hori idazterakoan Lazkao Txikik bere buruari idatzitako bertso bat hartu genuen oinarri.

Lan hau autoekoiztu egin duzue. Zaila izan da ur azpitik zuek bakarrik lehorrera itzultzea?


Neketsua izan da. Ez gara profesionalak, eta denbora ateratzea gero eta zailagoa da. Hala ere, autoekoizpena ez da arrotza guretzat, eta ez da lehenengo aldia. Bide egokiena da, eta are gehiago gauzak dauden moduan.

Taldean aldaketak izan berri dituzue.


Bai. Lander ez dago taldean, eta bere ordez Errastik hartu du baxua. Zuzenekoetan, berriz, sorpresa basatia izango dugu.