argia.eus
INPRIMATU
Jon Aranoren hirugarren poesia liburua
  • Jon Arano ::Zeruak eta infrentzuak

    Elkar

    orrialdeak ::124

    prezioa ::12.60€

Pilar Iparragirre 2011ko urriaren 05
Jon Arano
Jon Aranoren hirugarren poesia liburua
Aspaldikoa du Jon Aranok poesia zaletasuna. Zeruko Argian argitaratu zituen aurreneko poemak. Gerokoak dira, berriz, Susa argitaletxearekin plazaratutako Bileterik gabe (1985), eta Malezia sorta (1991) poema liburuak. Eta bere olerkien berririk izan gabe hamasei urte joan badira ere, berak ez omen dio inoiz idazteari utzi. Horren lekuko dira Joseba Jaka V. Literatura Beka saria jaso zuen Zeruak eta ifrentzuak, liburua, Elkar argitaletxeak orain kaleratu duena, baita laster argia ikusiko duen Zeru akastuak ere. Urte gogorrak izan ei dira azken hauek Jon Aranorentzat, batik bat Ostiela aldizkaria utzi behar izan zuenetik –bihotza pulunpaka/ bakardadea kiloka/ eta besarkada berriz/ ezin besarkatuzko pena dio poemetako batean–. Baina basamortutik irteten ari omen da, eta horren froga dira Zeruak eta ifrentzuak liburuan jasotako testu ironikoak, hemen dela infernua eta zerua dioten olerkiak. Garai batean izan zen poeta gazteak kontuak eskatzen dizkio oraingo poeta helduagoari, orduko hainbat kritika axalkeriatzat joaz. Heuretzat idazten hituen/ heure amorru eta manifestuak, inbentariatutako zorne zuria/ ez huen ez geronen inbentua adieraziz, erabakitzeko: A ze trastoak/ ginenekoan poetastroak!
«Profeta naiz, pailazoaren sudurrarekin

Zer aurkituko du irakurleak poema hauetan?


Nire bizikizunetan oinarrituta idatzi ditut, herriko hizkera erabiliz. Zaharrari erreparatuta, zerbait berria egin nahi izan dut. Era guztietako poemak dira: infernurako poema gorri-beltzak, purgatoriorako moduko neutroagoak edota paradisurako izan daitezkeen arrosa urdin argiak. Liburu osoan dago ironia pil-pilean, baita zinismoa ere. Desertuko predikaria bezala ikusten dut nire burua. Profeta naiz, pailazoaren sudurrarekin.

Lehen idatzi zenituen poemetaz damu al zara?


Bai, esandako hainbat gauza ez nuke orain errepikatuko. Beti kritikatzen aritu izan gara baina, akaso, kritikatzeko baino gehiago dago aldarrikatzeko. Lehen mundua aldatu nahi genuen, orain konturatu naiz mundua ezagutu egin behar dela, mundu honetan denetik baitago, ezagutzea da kontua.

Nolakoa da oraingo Jon Arano?


Koldo Izagirrek nitaz esan zuen konformismoaren eta sakratuaren aurka nagoela, eta miseria eta gezurra ikusi orduko antzematen ditudala. Egia da nire burua ongi ezagutzen dudala, eta baita nire miseriak ere, eta esango nuke besteenak usaintzeko ere gauza banaizela. Nik neure burua ikonoklastatzat hartzen dut, gauzei buelta eman eta denari punta ateratzea da nik egiten dudana.

Eta gizartea kritikatu, ez da hala?


Agintearen kritika da nirea. Ikonoklasta ere esan izan didate, ikonoei buelta emateko joera dudalako. “Ondo zaudete eta esaten duzue oso ongi bizitzen dela”, horixe kritikatzen dut nik. Gezurra ari du goian behean, eta gezurrak sutan jartzen nau.